
Bertsolari gazteen sariketaren aurkezpena
Busturialdeko bertsolari gazteek hilaren 18an ekingo diote Bertsolari Gazteen BBK sariketari. Ipar Uribeko izango dute aurkari, Algortako Kultur Etxean. Finalalaurrekoetarako sailkatuz gero, Arratia edo Enkarterri izango litzateke bertokoen aurkaria.
Gaur aurkeztu dute bertsolari gazteen sariketa. Jakinarazi dutenez, zazpi eskualdek eta 50 bertsolarik parte hartuko dute sariketan. Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Lea-Artibai, Ipar Uribe (Eskumaldea), Enkarterriak eta Durangaldea ordezkatuz ariko dira bertsotan gazteak.
Durangaldea zuzenean pasako da finalaurrekoetara iazko irabazlea izateagatik. Gainontzeko taldeek, bestalde, sailkapen saioak jokatu beharko dituzte. Markina-Xemeinen, Zallan eta Algortan neurtuko dituzte indarrak sailkapen fasea lehiatu behar duten eskualdeek.
Finalaurrekoak, bestalde, Durangon eta Igorren izango dira. Durangokoa martxoaren 19an izango da, eta Igorrekoa martxoaren 25ean. Amaitzeko, martxoaren 28an final handia lehiatuko dute sailkapena lortzen duten taldeek.