Herrian eskekotasuna ez duela debekatzen argitu du Mundakako Udalak
Azken egunetan sortutako polemikaren inguruan, Mundakako Udalak azaldu du ez duela herrian eskekotasuna debekatzen, “eskekotzaren itxurapean, mehatxu edo jazarpen-jarrerak gauzatzen dituzten jokabideak baino”. Eta horregaz batera, adin txikikoek egindako eskekotza debekatu du, “legeak jasotzen duen legez”.
Joan den astean, herritarren bizikidetasuna sustatu eta bermatzeko ordenantza onartu zuela jakinarazi zuen Mundakako Udalak, eta horrek biltzen dituen jarraibide-arauak, arau-hausteak, zigorrak eta bakoitzari dagozkion esku hartze bereziak zeintzuk diren adierazi zituen, eta horietan “gaizki-ulertua” izan zela esan du.
Hala, eskekotasun egoeran dauden pertsonei zernitzu sozialen bitartez babes soziala eskaintzeko udalak duen konpromisoa” agerian utzi du; izan ere, bere ustez, helburua “beharrezkoa den babes soziala eskaintzea da zerbitzu sozialen bitartez”.
Mundakako udalbatzak onartutako bizikidetasun ordenantzaren bitartez, bizikidetasunaren politikari buruzko gidalerroak ezarri nahi ditu udalak, “pertsona guztien askatasuna, duintasuna eta eskubideen errespetuan oinarrituta”.
Gauzak horrela, eta sortutako gaizki ulertuen aurrean, ordenantzaren erredakzioa ofizioz aldatzea aztertu du udalak, gaia ondo argitzeko. Hala, hasierako onarpena jaso du arautegiak eta alegazio epea zabaldu du.