
Gernika-Lumoko talde eragileak joan den barikuan eman zuen herri mailako eta nazio mailako giza kateen berri. Hain zuzen, herritarrei begira egindako aurkezpenean eman zituen azalpenak Gure Esku Dagok. Aurkezpenean azaldu zutenez, Gure Esku Dago dinamika ez da alderdi politikoen egitasmo bat. Herritarrek martxan jarritako dinamika da, oinarrizko eskubideen aldarrikapena egiteko, tartean erabakitzeko eskubidearena.
Gure Esku Dago egitasmoaren puntu gorena ekainaren 8ko nazio mailako giza katea izango da, baina aurretik, Gernika-Lumon ere herri mailako giza kate bat egingo dute herritarrek. Kirol esparrua aitzaki bezala hartuta, Santana eta Maloste kiroldegiak batuko dituzte gernikarrek.
Antolatzaileek azaldu dutenez, 1,2 kilometroko giza katea egingo dute. Helburua betetzeko, 700 lagun inguru beharko direla jakinarazi dute, baina 2000 pertsona inguru batu nahi ditu Gure Esku Dagok.
Herri mailako giza katea eginda, Euskal Herriak herri gisa erabakitzeko eskubidea daukala adierazi nahi dute gernikarrek. Izan ere, alderdi politikoak alde batera utzita, herritarron garaia dela deritzo herri dinamikak.
Aldarrikapena albo batera utzi barik, baina, jai egun bat izatea nahi dute antolatzaileek. Hala, 12:00etatik 12:30era herriko kirol talde desberdinek zenbait jarduera antolatuko dituzte. Helduek zein umeek parte hartu ahal ziango dute ekintza horietan. Eguraldi ona eginez gero, Pasealekuan egingo dituzte jarduerak, bestela, Merkatu plazan.
Ekainaren 8ko giza katea

Herriko zenbait kirolari Gure Esku Dagoren adierazpena sinaten; 310 kirolarik sinatu dute adierazpena
Ekaineko giza kateak, bestalde, Durango eta Iruñea (Nafarroa) batuko ditu. Giza kate horretan parte hartu nahi dutenek, aldez aurretik eman beharko dute izena. Gernikarrek
Correosen egoitza (Foru plazan) izandakoan eman dezakete izena, bost euro ordainduz. Barikuetan 17:00etatik 21:00etara zabaltzen dute egoitza, eta, zapatuetan eta astelehenetan 11:00etatik 14:00etara.