Euren lana gertutik ezagutzeko aukera eman dute Gernika-Lumoko suhiltzaileek
http://www.youtube.com/watch?v=g-3tf645Wu4
San Juan de Dios eguna izan zen zapatuan, suhiltzaileen patroiaren eguna. Hori dela eta, ate irekien jardunaldia egin zuten Gernika-Lumoko suhiltzaileek, hainbat jarduera tarteko euren lanaren berri emanez. Lagun asko joan ziren haien lana bertatik bertara ezagutzera, tartean, ume ugari.
Txupina jaurtitzeagaz batera hasi zuten egunerako prestatutako egitaraua, eta ondoren hainbat kirol jarduera egin zituzten: herri kiroletan aritu ziren, bizikletan, martxak egin zituzten eta txalupan ibili ziren Urdaibain zehar. Gainera, umeei zuzendutako eremu bat egokitu zuten, gaztetxoenek ere profesional horiek egiten duten lana ezagutu zezaten.
Bestetik, suhiltzaileek erabili izan dituzten arropen eta kaskoen erakusketa bat prestatu zuten. Berorren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaile zerbitzuak 1970. urtetik 2014.era bitartean izan duen bilakaera ikus zitekeen.
Unai Rementeria Lehendakaritzako foru diputatua ere izan zen Gernika-Lumoko suhiltzaile-etxean, eta esan zuenez, “kolektiboaren patroiaren jaiegun hau ospatzeko ohiturarekin jarraitzea oso garrantzitsua da, suhiltzaileek Bizkaiko hiritarren onerako eta zerbitzurako egiten duten ezinbesteko zerbitzu publikoari egiten zaion aitorpenaren seinale legez”. Zerbitzuko suhiltzailerik zaharrenak ere omendu zituen Rementeriak, bizkaitarren alde egiten duten lana aitortuz.
- Ate irekien jardunaldia Gernika-Lumoko suhiltzaile-etxean


















