
Iazko 80’s party
Inauteriak atzean utzi dituzte herri gehienek, baina zapatuak ez dakar ekitaldi gutxi Bermeora, aratusteetako egitaraua gaur arte luzatu baitute herri horretan. Ibarrangelun, bestalde, gaur izango dituzte inauterietako jarduerak, ume zein helduei zuzenduta.
Besteak beste, mozorro argazki lehiaketa zaratatsu digitala egingo dute bihar Bermeon. Egun osoan egongo da martxan, eta parte hartzeko nahikoa da mozorrotuta egotea eta telefono mugikorrarekin argazki bat ateratzea, mozorro txapelketan parte hartu duen taberna edo denda bat atzean direla. Argazkiak 20:00ak orduko bidali beharko dira, jaibatzordie@gmail.com helbidera. Izen-abizenak eta kontakturako telefonoa zehaztu beharko dira mezuan.
Behin argazkiak jasota, 21:00etan egingo dute lehiaketako finala eta sari banaketa, Akelarre tabernan. Hiru argazki zaratatsuenak publikoak erabakiko ditu, «bere txalo eta aldarriekin», dezibelioak neurtuko baitituzte telefono mugikorretarako aplikazio baten bidez.
80ko hamarkadara
Hori orduko, baina, izango da zer eginik Bermeon, Sareginek Emakume Feministen Elkarteak tragikomedia ibiltari bat eramango baitu goizean herriko kaleetara. Arratsaldean, berriz, Nuntxarru eta guzti aratuste kalejira egingo dute Nuntxaku Kultur Elkarteko kideek.
Kafe Antzokian jarraituko du festak, 21:30etik aurrera 80’s Party-a izango baita bertan. Jaialdiaren laugarren edizio horretan ere 80ko hamarkadako doinuak izango dira nagusi. Izan ere, Unholy Covers taldeak hamarkada hartako rock eta heavy kanta ezagunen moldaketak taularatuko ditu, eta DJ Datak ere sasoi hartako doinuen bidez jarriko ditu dantzan jaialdira doazenak.
Ibarrangelutarrak, bestalde, eguerdian murgilduko dira jai giroan, 12:00etan Ibaetatik dantzan aterako baitira. Ondoren, umeen eta nagusien bazkaria izango dituzte, Batzokian. Arratsaldean, ostera, umeentzako eskulanak, txokolate jana eta diskoteka izango dira.
Dokumentua: