
Joan den otsailean diagnosia egin ostean, Pasealekuko parte hartze prozesuak aurrera darrai. Sustatzaileek azaldu dutenez, martxoan proposamenen fasea abiaraziko dute Gernika-Lumoko herritarrek. Oraingoan ere, bi saio antolatu dituzte bigarren fasea garatzeko. Hain zuzen, etzi egingo dute lehen batzarra, eta datorren eguaztenean bigarrena. Saio horietan, proposamen desberdinak aztertuko eta zehaztuko dituzte bertoko biztanleek. Hala, Pasealekuak bete ditzakeen beharrizanak izango dituzte berbagai bildutakoek. 10:00etan hasiko da etziko lehen saioa, eta 19:00etan eguaztenekoa.
Bigarren fasearen hasieraren berri emateaz gain, parte hartze prozesuko bultzatzaileek lehenengo faseko ondoriak ere ezagutarazi dituzte. Fase horretan, herriko zerbitzu eta gune publikoen abantailak eta gabeziak zehaztu zituzten gernikarrek.
Modu berean, parte hartze prozesuari buruzko hausnarketa ere egin zuten parte hartzaileek. Diagnosi fasean batu direnen arabera, parte hartze prozesua aberasgarria da. Parte hartzeak gernikarren benetako nahiak eta beharrizanak ezagutzeko aukera emango duela uste dute bertoko biztanleek.
Pasealekuko herri proiektua, gainera, norbanakoen interesetatik haratago dagoela deritzote. Hala, herritarren eta udal arduradunen arteko harremanak hobetu ditzakela uste dute gernikarrek.
Parte hartze prozesuaren alde negatibo bakarra, udalarekiko menpekotasuna da herriko biztanleen iritziz. Izan ere, etorkizunean Pasealekuko proiektua garatu ahal izateko, udalaren babesa eta konpromisoa ezinbeste- koak izango direla nabarmendu dute herritarrek.