Martxoaren 16an Muxikako Ibarruri auzoan egingo duten mendi martxa eta lasterketan izena emateko epea zabaldu dute. Parte hartzeko martxoaren 12a baino lehen izena ematen dutenek zortzi euro ordaindu beharko dituzte; egunean bertan ostera, hamabi. Ibarruriko mendi martxaren webgunean eman behar da izena, eta ondoren BBK-ko kontu korrontean dirua sartu.
Mendi martxan nahiz lasterketan parte hartzaileen kopurua mugatua izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Aurten gehienez 400 lagunek parte hartu ahal izango dute Saltsamendi kultur elkarteak antolatutako martxa eta lasterketan.

Aurreko urtean legez, ibilbide luzea eta laburra izango dira. Horrez gain, aurten estreinakoz lasterketa ere izango da Ibarrurin. Ibilbide laburrak 15 kilometroko luzera izango du eta martxa luzeak, berriz, 23 kilometro. Oinezko guztiak 8:30ean abiatuko dira eta ibilbide luzea korrika egingo dutenak berriz 10:00etan.
Lasterketa egunean herriko tabernak zabalik egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek. Gainera, ibilbidean zehar hornidura postuak izango direla zehaztu dute. Osasun postuak ere jarriko dituzte, behar dutenei laguntzeko. Ibilbidea osatzen dutenek bukaeran oroigarri bat jasoko dute.