Herritarren bizikidetasuna sustatu eta bermatzeko ordenantza onartu du Mundakako Udalak
Udalak azaldu duenez, pertsona guztien askatasuna, duintasuna eta eskubideen errespetuan oinarritutako gidalerroak biltzen ditu ordenantza horrek. Hala, bere helburu nagusia espazio publikoa bizikidetasun eta gizabide-toki izan dadila bermatzea da, espazio horretan pertsonek zirkulazio, aisialdi, topaketa eta jolas jarduerak askatasunez egin ditzaketen bitartean.
Udalak onartutako ordenantza hori “tresna eraginkorra” izatea gura dute, “bizikidetasunari eragin diezaioketen edo alda dezaketen egoera eta gorabeherei aurre egiteko”. Espazio publikoetako bizikidetasun hori sustatzeko hainbat neurri jasotzen ditu aipatu ordenantzak: esaterako, ondasun juridiko babestuak identifikatzen ditu, kasu bakoitzean jokabide-arauak aurreikusten ditu eta zigortu egiten ditu herritarren eta espazio publikoetan dauden ondasunen bizikidetasuna kalte, min eman edo alda ditzaketen jokabideak.
Azken finean, jarraibide-arauez, arau-hausteez, zigorrez eta bakoitzari dagozkion esku hartze bereziez osatuta dago ordenantza. Jarraibide-arauen artean debekatuta daude, esaterako, pertsonen duintasunaren kontrako diskriminazio-portaerak, udalerriko ingurunearen narriadura bisuala (pintadak eta graffitiak egitea, esaterako), jokoen erabilera desegokia espazio publikoetan, behar fisiologikoak egitea, edar ahalkolikoak kontsumitzea edo saltzea, espazio publikoa kaltetzea eta beste hainbat.
Arau horietako baten bat hautsi ezkero, zigor-erregimena ezarriko luke udalak; hala, jokabide-hauste arinen kasuan, isuna 80 eta 750 euro artekoa litzateke eta larrien kasuan, aldiz, 750 eurotik 1.500 eurora artekoa. Jokabide oso larritzat dituztenak, barriz, 1.500 eurotik 3.000 eurorainoko isunagaz zigortuko lituzkete.