Herriko argiteria barriztu du Sukarrietak, energia aurrezteko
“Ingurumena errespetatu eta inguru naturala kontserbatzeko beharrizanaz ohartuta”, eraginkortasun energetikoaren alde egin du Sukarrietako Udalak. Hala, otsailean Ander Deuna kaleko lehengo kale-argiak ordezkatu ditu, hartara, eraginkortasuna, aurrezpen energetikoa eta argiztapen hobeagoa lortuz.
Udalak azaldu duenez, globo motako luminaria zuten lehengo farolek argi-kutsadura handia sortzen zuten eta 150x-koak ziren. Orain, barriz, horien ordez, kontsumo baxuko argiak jarri ditu udalak, tenperatura baxua, argiztapen hobea eta iraupen eta fidagarritasun gehiago eskaintzen dutenak, hain zuzen ere. Azken finean, eraginkortasun handiagoa lortzeko eta aurrezpen energetikoaren alde egiteko aldaketa egin ditu, horrela, argi-kutsadura murriztea lortuz. Hori posible egiteko, goiko hemisferioan islatzailea duten 85 w-ko indukzio argiak ezarri dituzte Ander Deuna kalean.
Udalaren arabera, aipatu aurrezpen energetiko horrek aurrezpen ekonomikoa ere ekarri du Sukarrietara; izan ere, “sistema barri horrek energia kontsumoa murriztea bermatzen du, zerbitzu kalitatea galdu barik eta instalazioen balio-bizitza areagotuz.
Argiterian aldaketa horiek egiteko, Sukarrietako Udalak 4.862,5 euroko inbertsioa egin du; horretarako, Energiaren Euskal Erakundearen %40ko diru laguntza jaso duelarik.