
Emakumearen Egunean antzezlan bat taularatuko dute Muxikako 40 emakumek. Irudian, entseguetako bat.
Morea koloreko aldarrikapenez beteko dira asteburuan Busturialdeko kaleak, berdintasunaren alde egingo baitute herritarrek, beste behin ere. Emakumearen Egunaren harira, egitarau oparoak prestatu dituzte emakume taldeek, elkarteek eta udalek. Bermeon, esaterako, parodia baten bidez egingo dute salaketa Sareginek, 13:00etatik aurrera, Erriberan hasi eta porturaino.
Bihar bertan, bestetik, herriko emakumeen oroimen historikoaren inguruan Emari elkarteak Busturiko emakumeen taldeekin batera egindako lana aurkeztuko dute, 19:00etan, Busturiko Altamira auzoko kultur etxean. Gernika-Lumon, ostera, gune morea jarriko dute bihar Bilgune Feministak eta gazte mugimenduak, 12:00etatik 15:00etara, Merkurion. Iluntzean, aldiz, Tabernajira egingo dute Juan Calzadatik.
Iaz hasiko bideari eutsiko dio Muxikak, herriko andreak oholtza gainera igoz. Hain zuzen, Hemen dago gure etxe bakarra antzezlana taularatuko dute bihar, 19:00etan, Ariatzako elizan. Adin guztietako 40 emakumek «sasoi bateko andreen bizimodua» taularatuko dute, eta «lanaren helburua da herriaren bizimoduan ikusezinak edo gutxietsiak izan diren zenbait jarduera argitara ematea».
Emakumeentzat lan duina
Lea-Artibai eta Busturialdeko LABek, bere aldetik, 2008. urtetik gaur egunerako tartean emakumezkoen 68.000 enplegu suntsitu direla salatu du. Horrez gain, lanpostuak mantentzea lortu duten kasuetan, emakumeek diskriminatuta jarraitzen dutela dio sindikatu abertzaleak. «Gaur egun emakumeok gizonezkoek baino %37 gutxiago irabazten dugu», salatu dute. Hori horrela, kalitateko enpleguari eusteko eta enplegu duina sortzeko neurriak barnebilduko dituen enplegu plana aldarrikatu du sindikatuak.
Anabel Alegria eta Biotza Unanue (Sareginek Bermeoko emakume feministen sarea)
«Emakumeak nonahi gaude, baina ez da benetan sustraitzen gure nahia»
Emakume langilearen eguna aprobetxatuta, euren aldarrikapenak kalera aterako dituzte Bermeoko Sareginek emakume feministen sareko kideek. Biotza Unanue eta Anabel Alegriak azaldu legez, inauterietako testuingurura egokituta, modu barregarri batean eskatuko dute aukera berdintasuna.

Anabel Alegria eta Biotza Unanue
Emakume langilearen eguna da bihar. Zer antolatu duzue egun horretarako?
Biotza Unanue. Abortuarekin dagoen arazoa parodiatzeko tragikomedia ibiltari bat egingo dugu Erriberan hasi eta porturaino; bitartean, Taraska eta Lameratik igarota. Goizean zehar egongo gara kalean, jendeak alde egiten duen arte.
Zer suposatzen du emakumearentzat martxoaren 8ak?
Unanue. Borroka eguna da guretzat. Egutegian markatutako eguna da; gurea da protagonismoa, beste egun batzuetan hain erraz ematen ez digutena. Beraz, aprobetxatu egiten dugu, eta kalera irtetzen gara.
Anabel Alegria. Gizon batzuek galdera bera egiten dute behin eta berriz: «Zergatik ospatzen duzue egun hori? Guk ez dugu gizonen eguna ospatzen». Nik uste dut beraiek ez dutela zer ospatu; guk, ordea, bai. Ospatu baino, aldarrikatzeko esango nuke.
Unanue. Aurtengoa, gainera, berezia da. Izan ere, Jai Batzordeak inauteriak luzatu ditu, eta, beraz, testuingurua ezberdina izango da. Aukera asko ematen ditu gura duguna modu komiko batean esateko.
Alegria. Sarritan seriotasun handiagaz egiten dira gauzak, eta honek modu barregarri eta ironiko batean azaltzeko aukera ematen du.
Zer lortu dute emakumeek orain arte?
Alegria. Botoa emateko eskubidetik hasi, eta gure buruaren jabe izatera iritsi gara. Lehen ez bezala, orain ikasteko aukera dugu, lan egiteko, batzuetan ezetz esateko…
Unanue. Gure burua modu independentean garatzeko aukera daukagu, azken finean.
Alegria. Gazte askok feminismoa desitxuratuta daukate, edo iraintzat hartzen dute. Hori hala izan ez dadin, beraz, nola edo hala, landu egin behar dugu gaia.
Unanue. Gizartea garatu zenetik gaur egunera arte, emakume zein gizonezkoek lorpen handiak egin dituzte eskubideei dagokienez. Hala ere, guk momentu honetan atzerabide hori salatu gura dugu. 2010ean lortu zuen emakumeak abortu eskubidea, eta 2014. urtea hasten gabiltzala, eskubide hori galtzeko bidean gaude. Emakumeok leku guztietan gaude, baina zein baldintzatan? Ez da benetan sustraitzen gure nahia.
Eta zer du emakumeak oraindik lortzeke?
Unanue. Aukera berdintasuna daukagu oraindik lortzeke; gizonezkoek zein emakumezkoek aukera berdinak izatea gauza guztien aurrean.
Alegria. Gizateriaren erdia gara, beraz, hori orekatuta egon behako litzateke erabakitze organo guztietan; modu kuantitatiboan barik, modu kualitatiboan.
Abortuaren Legearen aurreproiektua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak, abortatzeko eskubidea mugatuz. Zer deritzozue?
Unanue. Lotsagarria da, haserretzeko modukoa. Emakumeok bigarren mailako izakitzat gaituzte, eta lege hori da horren isla. Zelan da posible 2014. urtean norberarena den gorputza gizon batzuen esku egotea? Ama izatea edo ez norberak aukeratu behar du, eta baita noiz eta zein baldintzatan egin ere.
Alegria. Inkubagailutzat gaituzte. Halaber, eskubideekin ezin da horrela ibili; lorpen batzuk onartu egin behar dituzte alde guztiek.
Nola ikusten duzue emakumeen etorkizuna?
Unanue. Daukagun gaitasuna ikusita, etorkizun paregabea ikusten dut, nahiz eta testuinguru zailetan egon, bizi garen erregimen absolutistak kontuan hartuta. Dena den, orain arteko testuingurua ere zaila izan da, eta lortu dugu aurrera egitea. Gallardonen lege horrek ez du etorkizunik, guk askoz etorkizun argiagoa dugu. 2010eko legedira bueltatuko gara, gutxienez.
EGITARAUA
Ajangiz
Martxoak 8. 12:00etan, manifestua irakurriko dute Mendietako plazan; 12:30ean, funky erakustaldia; 13:00etan, argazkia aterako dute; 13:15etik 13:30era, trikipoteoa; 14:30ean, gizon eta emakumeen bazkaria, herriko tabernan.
Bermeo
Martxoak 7. 20:00etan, Zeanuriko Emakumeen Elkartearen antzezlana Nestor Basterretxea aretoan, Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatuta.
Martxoak 8, Erroxapek antolatuta. 12:00etan, meza Santa Eufemia elizan, Erroxape Abesbatzak abestuta; 19:00etan, Narrazio Laburren XIX. Lehiaketaren sari banaketa eta hitzaldia, Erroxaperen lokalean. Hizlaria: Toti Martinez de Lezea.
Martxoak 8, Sareginek antolatuta. 13:00etan, Erriberan hasi eta porturaino, tragikomedia ibiltaria.
Martxoak 9. 15:00etan, bazkaria Bermeoko Kafe Antzokian, Erroxapek antolatuta.
Busturia
Martxoak 7. 19:00etan, Busturiko emakumeen oroimen historikoaren inguruko lanaren aurkezpena, Altamirako kultur etxean.
Martxoak 8. 13:00etan, elkarretaratzea, San Kristobaleko autobus geltokian; 19:00etan, Zer ete darabil Tomasak! antzezlana, Altamirako kultur etxean. Sarrera: 3 euro; 22:00-etan, afaria Tenis jatetxean, Atxurkulu Emakumeen Elkarteak antolatuta.
Forua
Martxoak 8. 12:30ean, ardo dastaketa herriko gizon eta emakumeentzat, kultur etxean. Ostean, luntx txiki bat.
Gautegiz arteaga
Martxoak 8. Herriko emakumeen afaria, gazteluan.
Gernika-lumo
Martxoak 8 (Bilgune Feministak eta gazte mugimenduak antolatuta). 12:00etatik 15:00etara, gune morea, Merkurion; 17:00etatik 20:00etara, kafe tailerra, Astran; 20:00etatik 22:00etara, Tabernajira Juan Calzada kalean.
Martxoak 8 (Euskal Herria Museoan). 18:00etan, Emakumea eta euskal pilota erakusketara bisita, Arantxa Peredak gidatuta. Sarrera: dohainik.
Ibarrangelu
Martxoak 8. 18:30ean, txokolate jana, Gabiri tabernan.
Kortezubi
Martxoak 8. Afaria, Lezikan.
Mendata
Martxoak 8. 14:30ean, Elexaldeko Artape Tabernan, andreen bazkaria.
Murueta
Martxoak 9. 14:30ean, herriko emakumeen argazkia. Ostean, bazkaria, Kamiñoko jatetxean.
Muxika
Martxoak 8. 19:00etan, Hemen dago gure etxe bakarra antzezlana, Ariatzako elizan; 21:00etan, herri afaria, eskolan.
Nabarniz
Martxoak 8. 19:00etan, Las maestras de la Republica filma, Galarregi Gazte Asanbladaren lokalean. Ostean, solasaldia.