
Urtero bezala, Ibarrangelutarrek gogoan izan dute 36ko gerrako itsas bataila handiena. Matxitxakoko lurmuturraren parean, Frankisten aldeko Kanarias fragatari egin zioten aurre gerra-ontzi bihurtutako euskal arrantza ontziak. Bataila horretan, hainbat gudarik parte hartu zuten Nabarra, Gipuzkoa eta Bizkaia bouen barruan. Ontzi txiki horiek Galdames ontzia zaintzen zihoazen, Kanarias fragata parez pare aurkitu zutenean.
Itsas batailan parte hartu zuten gudari guztiak gogoan izan zituzten ibarrangeluarrek, baina aipamen berezia egin zieten Juan Telletxea eta Domingo Urrutxua herrikideei. Batailaren urteurrenean egin zuten omenaldia (martxoaren 5ean)
Telletxea, esaterako, Bou Nabarrako gudaria zen bataila hartan. Nabarra izena zeraman ontziak ordu eta erdi iraun zuen batailan. Gudari horiek adore ikaragarria erakutsi zuten, portura ihes egin barik batailan geratuz. Azkenean, Kanarias fragatak Bou Nabarra ondoratzea lortu zuten. Bertan zihoazen 49 gudarietatik 20 irten ziren bizirik, tartean Telletxea. Ibarrangelutarra bizirik jarraitzen zuen Bou Nabarrako azken gudaria zen, 2011ko abenduan hil zen arte.

Domingo Urrutxuak, bestalde, ez zuen Matxitxakoko batailan parte hartu, baina Euzkadiko Gudontzidiko kide izan zen. Hala, bera ere izan zuten gogoan Akordan.
Jesus Mari Ziluagak omenaldian esan zuenez, “Akordan batzen garen bakoitzean, gudari horiek irabazi egin zutela ari gara adierazten”. Hala, gudariek egindako lana goratu zuen. “Gure oroimenean jarraituz gero, bataila ez da alperrekoa izango”.