Herri askok Busturia pasabide huts bezala ezagutzen duela iritzita, udalak Busturia Barrutik Ezagutu egitasmoa jarri du martxan, herrian duten ondarea ezagutzera emateko asmoz. Proiektu horren baitan, Urdaibaiko ibilbide megalitikoa luzatzeari ekin diote udalak eta Agiri Arkeologia Kultura Elkarteak; hala, lehendik zegoen Katillotxuko ibilbideari, orain, Sollubekoa gehitu diote.

Katillotxuko ibilbide megalitikoa.
Ondare megalitikoaren berreskurapenaren alde egin du Busturiko Udalak eta Agirik egindako proiektuaren ardura hartu du. Herriko ondare megalitikoa, beraz, balioan jarri dute, eta orain, ondare horiek zeintzuk diren ezagutzera eman nahi dute. Horretarako, Urdaibaiko ibilbide megalitikoaren aurkezpena egingo dute datorren asteburuan.
Ibilbide barriaren aurkezpena
Martxoaren 14an, Agiriko kide eta aztarnategi megalitikoetako lanen zuzendari Juan Carlos Lopez Quintanak hitzaldi bat emango du Busturiko Altamirako kultur etxean, 19:30ean hasita. Domekan, martxoaren 16an, barriz, I. mendi martxa egingo dute ibilbidearen zati bat ezagutzeko. Bermeoko tren geltokitik aterako dira 08:40ean, eta ibilbidean zehar, indusketen gaineko azalpenak jasoko dituzte, Agiri taldearen eskutik. Horrez gain, Urkidi trikuharria, Sollubeko iturriko trikuharria, Tribisburuko aztarna arkeologikoak eta Surbituaga-Arriatarako iruinarria izango dituzte ikusgai, besteak beste. Gutxi gora behera, ordubete inguruko ibilaldia izango dute egiteke. Ibilbidea bukatuta, gainera, jatekoa eta edatekoa izango dute mendizaleek Altamiran.
Ibilbidea «modu askotara» egin daitekeela azaldu du Busturiko alkate Miren Fatima Malaxetxebarriak, baina aurkezpenerako, oinez egitea proposatu dute. Dena den, autokarabanek ere izango dute euren presentzia; asteburuan zehar kontzentrazioa egingo baitute San Kristobal auzoan. Busturiko Udalak autokarabanen kontzentrazio eskaera begi onez ikusi zuen, «helburua aztarnak berreskuratzeaz gain, turismoa sustatzea eta lurraldea ezagutaraztea ere badelako».
Sortu duten azken ibilbidea da Urdaibaiko ibilbide megalitikoarena, baina aurretik hainbat ibilbide interesgarri daudela gogorarazi du Busturiko alkateak; 82,625 kilometroko bide sarea eta landa-bideen inbentarioan erregistratutako 81 bide, esaterako. Gainera, beste hainbat bide ere igarotzen dira Busturia ingurutik: GR 38 ardoaren eta arrainaren ibilbidea, GR 98 Urdaibaiko ibilbidea edota GR 123 Bizkaiko buelta deritzenak, kasuan kasu.
Busturia «anitza»
Busturia zentzu guztietan «anitza» dela dio Malaxetxebarriak: «izaera sendoa eta auzoen arteko berezitasuna du, landa zein herri guneak ditu; paisaiari zein geologiari dagokionez anitza da; Busturia biodibertsitatea da; aniztasun arkitektonikoa du…».
Beraz, «jendeak ezagutzen ez duen hori guztia» ezagutarazteko abiatu dute Busturia Barrutik Ezagutu egitasmoa, «gozatzen dugun horretaz jendeak jakin behar duelako». Orain, aipatu ibilbide barriaren bitartez, lurraldea ezagutaraziko dute, eta hori egindakoan, bigarren eta hirugarren faseari ekingo diote; alegia, herriko eraikinak eta pertsonaiak ezagutarazteari.
Udalarentzat garrantzitsua da lehenengo herritarrek ezagutu dezaten Busturia bera, eta gero ingurukoek. Hala, ibilbidean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.