Ingurumen-kontserbazioaren alde egiten jarraitu nahi du Foruak, eta horri helduta, bosgarren edukiontzia –marroia– jarri gura du eta autokonpostaren bitartez gaikako birziklapena egiteko aukera ere eman nahi du. Horrek dakartzan onurak zeintzuk diren jakiteko, informazio kanpaina jarri du abian udalak. Hala, birziklapenean aurrera pausoak emateko, batzar-informatiboak egingo dituztela jakinarazi dute; bata eguenean, martxoaren 6an, 19:00etan Kultur Etxean, eta bestea martxoaren 12an 19:00etan udaletxean.

Edukiontzi marroia
Egungo hondakinen bilketarako ontziez –plastikoarena, paperarena eta kartoiarena, beirarena, pilena, olioarena eta erabilitako erropena– gain, bosgarren edukiontza eta autokonposta sistema ezarri nahi ditu herrian Foruko Udalak; horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, kntzientziazio eta parte hartze kanpaina jarri ditu martxan. “Forutarrak informatu eta horien konpromisoa lortzeko helburuagaz”, bosgarren edukiontzi horren eta autokonpostaren gaineko informazioa bidali du etxez etxe udalak; non konposta egitearen onurak azaltzen dituzten, edukiontzi marroian zer bota eta zer ez bota zehazten den eta birziklatzeko modu horren ezaugarriak azaltzen diren.
Herritarrek birziklatze organikorako zein formula nahiago duten zehazteko aukera izango dute; alegia, edukiontzi marroia, konposta edota komunitate-posta. Zehaztasun horiek biltzen dituen formularioa udaletxean aurkeztu beharko dute, martxoaren 31 baino lehen.
Foruko Udalak, bestalde, herritarren iritzia jaso ondoren, diru laguntza eskaera aurkeztuko du aldundian, herrian bosgarren edukiontzia ezarri ahal izateko. Halaber, udalak gogoratu du birziklatzeko mdu horrek “zabortegira bidaltzen den hondakin tona murriztea ahalbidetzen” duela, eta, gainera, ongarri bezala aprobetxatzen duela materia organikoa.