
Gernikaldea zentroko ohe bat
Oheen aldeko Osakidetzako taldeak aurkeztutako mozioa onartu berri du Nabarnizko Udalak, Busturialdean “benetako ospitale” baten beharra dagoela aldarrikatuz. Hain zuzen, Gernikako ospitalean ospitalizaziorako oheak jartzeko eskaera egin du, Osasun Sailari eskatuz hitzemandakoa bete dezan.
Halaber, “traumatologia, kirurgia orokor, pediatria eta erradiologia mediku eta laborategiko teknikari espezialistak 24 orduz” egon daitezen exijitu du, eta baita euskararen erabilera berma dadin, zerbitzu guztietan. Eskanerrari etekin guztia ateratzeko, historia klinikoak berehala eta behin betiko digitalizatzeko aterabide sinesgarri bat martxan jartzeko eta administrazioko langileria nahikoa ezartzeko ere eskatu du.
Izan ere, udalaren arabera, Busturialdea nahiz Lea-Artibai “historikoki osasun arloan diskriminatutako eskualdeak” dira. Gipuzkoan eskualde-ospitaleen aldeko politika jarraitu zen bitartean, Bizkaian makrospitaleen aldeko apustua egin zela ekarri du gogora, “Busturialdea eta Lea-Artibai kalitatezko osasungintza zirkuitutik hamarkada luzez bazterturik utziz”.
Bestetik, Gernikako ospitaleak “bi inaugurazio” izan dituen arren, “biztanleriaren osasun asistentziak hobetu barik” jarraitzen duela deritzo. “Eraikin politak egitea baino zerbait gehiago da osasun asistentzia, eta, porlanean ez ezik, pertsonengan eta zerbitzuetan inbertitzea eskatzen du. Ez kasualitatez, analisietako muestrak Galdakaora taxiz eramatea bezalako kasuak ezagutu ditugu azken aldian, ospitalearen beharrezko baliabide faltagatik”.
Hori horrela, giza baliabideei zein baliabide materialei dagokienez, arazoari heltzeko eskatu du. “Finean, eskualde-ospitale publiko bat da Nabarnizko Udalak nahi duena, aurrekontu propioa daukana, hau da, zentrotik bertatik kudeatutako giza baliabide zein baliabide material nahikoa dituena”. Tokiko erakundeak dioenez, “zerbitzu hauek martxan jartzeak arreta ospitalarioa hurbilduko lieke biztanleei, eta, gainera, zonaldea ekonomikoki eraberritu dezaketen inbertsioak ere badira, ehunka lanpostu sor ditzaketenak, zuzenak zein zeharkakoak”.