
Iazko lehiaketako parte hartzaileak
Hemeretzigarren edizioa da aurtengoa, eta bizilagun “gazteen” partaidetza bultzatuz, umeen kreatibitatea piztea eta irakurzaletasuna eta idazteko zaletasuna sustatzea dauka udalak helburu.
Martxoaren 21a orduko aurkeztu beharko dituzte 6tik 12 urtera arteko umeek euren ipuinak, 16:30etik 20:30era, Aretxederreta Kultur Etxean. Udalak jakinarazi du saridunak ebazterakoan “kreatibitatea, sormena eta aurkezteko modua” hartuko dituztela kontutan. Udaleko Jai eta Kultura batzordeko kideak izango dira epaileak.
Kategoria ezberdinak daude. Batetik, 6 eta 7 urteko umeena. Horiek orrialde bat aurkeztu beharko dute, marrazkia barne. Kategoria horretan ez dute ordenagailuz idatzitako lanik onartuko. Bestetik, bigarren kategoria 8 eta 9 urteko umeena da, eta kasu horretan asko jota orrialde bi aurkeztu beharko dituzte, marrazkia barne. Azkenik, hirugarren kategorian 10 urtetik 12 urtera arteko umeak sartu dituzte, eta horiek orrialde bi egin beharko dituzte, marrazkiarekin. Azken bi kategoria horretako lanak ordenagailuz ere egin ahal izango dira.
Ipuinak gutunazal handi eta itxi batean aurkeztu beharko dira, eta adina eta ipuinaren izenburua jarriko beharko dira azalean. Barruan, gutunazal txiki baten, ipuinaren izenburuarekin batera, egilearen datuak zehaztu beharko dira (izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa).
Kategoria bakoitzeko irabazleak jasoko du saria. Apirilaren 11n egingo dute sari banaketa, 18:00etan, Aretxederreta Kultur Etxean.