
Garikoitz Azpiazu Bilboko presoak gose greba hasi du gaur goizean, lekualdatzeetan dirua kentzen diotela salatzeko. Hala, bilbotarrari elkartasuna adierazteko, Ibon Elorrieta eta Iñaki Lopez de Bergara presoek ere gaur eguerdian gose greba hasiko dutela jakinarazi dute.
Egunotan utziko dute aske Elorrieta, eta gose grebak ez duela bere askatasunean eraginik izango uste du busturiarrak; izan ere, dagoeneko badu aske uzteko agindua, eta momentua noiz iritsiko zain dago.
2004ko otsailean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Ibon Elorrieta busturiarra, Cognac hirian (Frantzia), ETAko logistika taldeko ustezko kidea izatea leporatuta. Luis Enrike Garategaz batera atxilotu zuten, eta Polizia iturrien arabera, lapurtutako Renault Kangoo furgoneta batean zihoazen ustez ETAkoak ziren bi pertsona horiek errepide kontrol batetik ihes egiten saiatu ziren; hala ere, berehala aitxilotu zituzten. Iturri beraren arabera, ustez armak eta lehergailuak zeramatzaten ibilgailuan atxilotu zituzten unean; hain zuzen, “30 kilo amonal, suzko hiru arma, granada jaurtigailuak eta granadak”.
2010eko otsailean epaitu zuten Frantzian, eta 14 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Besteak beste, bere aitak azaldu duenez, “ETAko kide izatea, kotxe bat lapurtzea eta armen fabrikazioan parte hartzea” egotzi zioten orduko hartan. Geroztik, 10 urte igaro ditu Frantziako kartzeletan; lehenengo sei urteak preso prebentibo bezala igaro zituen herrialde horretako Fresnes eta Nanterre espetxeetan, besteak beste. Azken lau urteak, berriz, Arles espetxean pasa ditu. Haren aitaren arabera, aurtengo abuztuan ziren aske uztekoak, zigorrean ezarritako murrizketak kontuan hartuta. Hala ere, baldintzapeko askatasuna eskatu zuen iazko irailean busturiarrak, eta abenduan atzera bota zuten bere eskaera. Hala ere, erabaki horri helegitea jarri, eta epaileak onartu egin du; hala, datozen egunetan etxera bidean izango da. Horretarako, baina, baldintza batzuk bete beharko ditu Busturiko gazteak; besteak beste, ezin izango da inoiz Frantziara sartu, epaileak hala erabakita.