150 muxikar inguru batu dira ikurrina omentzeko
https://www.youtube.com/watch?v=ivDr0hMy5wc
Jai giroan ikurriñaren aldeko aldarrikapena egiteko, atzo 150 muxikar inguru batu ziren Eleizalde auzoko udaletxeko plazan. Udaletxean Espainiako bandera jartzeko inposizioari kontra egiteko elkartu ziren, herriaren nahia argi utziz.
Onintza Enbeita bertsolariak gidatutako ekitaldia xumea baina ederra izan zen. Txalaparta doinuekin hasi zuten omenaldia; eta, horren ostean, herriko bertsolariek eta dantzariek bereganatu zuten bildutakoen arreta.
Eguneko ekintza nagusian, baina, herritarrak izan ziren protagonista. Bildutako lagunek kartulinaz osatutako ikurrina erraldoi bat irudikatu zuten Eleizaldeko plazan.
Amaitzeko, bestalde, ikurrina altxatu zuten zeregin horretarako jarritako mastara. Izan ere, udaletxeko balkoian zegoen ikurrina atzora arte. Udaletxetik mastara arte alkateak eta auzo alkateek eraman zuten ikurriña. Txalo artean, auzo alkateetako batek igo zuen ikurrina mastaren goikaldera. Ikurrina handi bat plazan jarrita, udalak agerian utzi gura du herritarren nahia.
Aitor Goladaraz alkateak udaleko alderdiek babestutako adierazpen instituzionala irakurri zuen. Esan zuenez, “muxikar gehienen sentimenduei kontra, Espainiako bandera jartzeko inposizioa salatu nahi du udalak”. Haren berbetan, “inposatutako ikurrak ez du herria ordekatzen, eta errespetu falta bat da”. Alde horretatik, herrian edo inguruko herrietan ikurrinaren alde antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin zuen Goldarazek.
















