Gernika-Lumoko Udalak tokiko administrazioak arrazionalizatzeko eta iraunarazteko legea indarrean jartzearen kontra dagoela adierazi du, Bilduk aurkeztutako mozio baten bitartez. EAJk ere, mozio alternatibo bat aurkeztu zuen, baina Bildurena onartu zuen udalbatzak, koalizioaren botoei esker.
Onartutako mozioaren arabera, udalak bost eskaera nagusi egin ditu. Ministroen Kontseiluari, esaterako, legea errefusatzea eskatu dio, egitasmoa bertan behera utziz. Bizkaiko Foru Aldundiari, bestalde, tokiko erakundentzea bere osotasunean babestu dezala exijitu dio udalak, legeak ondoriorik izan ez dezan.
Udala bereziki kezkatuta agertu da tokiko administrazio publikoak arrazionalizatzeko legeak erakunde txikienei eragin diezaiokelako. Horregatik, legea bertoko herrietan indarrean ez jartzea exijitu diete Espainiako zein erkidegoko erakunde nagusiei. Modu berean, udalak lege horretatik babesteko behar besteko neurriak hartzea eskatu diete erakunde horiei.
Azkenik, legea indarrean jartzeak zerbitzu publikoetan izango lukeen eragina nabarmendu du udalak. Izan ere, administrazioari lotutako lanpostuak suntsitzea kaltegarrria izango litzatekela deritzo. Horregatik, eskumenak dauzkaten erakundeei zerbitzuak mantetzea eskatu diote, lanpostuak eta baliabideak bermatuz.
EAJren mozio alternatiboa
EAJ ez zen konforme agertu Bilduk egindako irakurketagaz. Luis Ortuzar jeltzaleen ordezkariak azaldu duenez, EAJk parlamentuan negoziatutako emendakin bati esker, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak salbu daude. Haren berbetan, “Aldundiaren eskumena da legea indarrean jartzea, Estatutuak holan adierazten duelako”.
Ortuzarrek aitortu duenez, baina, udalez gaindiko zenbait erakunde publiko arriskuan egon daitezke legea indarrean jarriz gero. Hala, mozio alternatibo bat aurkeztu zuten jeltzaleek, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Kongresuari eta Aldundiari zenbait eskaera eginez. Udalbatzak ez zuen EAJren mozioa onartu, Bilduk kontra bozkatu baitzuen.