Zenbait lagun Bermeon, itsasoari so
12:00etatik 24:00etara arterako ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja. Izan ere, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Atlantikoko zenbait behe presio gunek Araba, Bizkai eta Gipuzkoa kaltetzen jarraituko dute datozen egunetan. “Behe presio guneak ez dira aurreko asteetakoak bezain bortitzak izango, baina
haizea, euria eta olatu handiak ekarriko dituzte”. Gainera, “
mareak oso biziak izango dira martxoko lehen egunetan, batik bat goizaldeko itsasgoretan”. Hori dela eta, dioenez, “arreta handiz kontrolatu beharko da olaturik handienak zer unetan sortzen diren”.
Prezipitazioak ugariak izango direla esan du Euskalmetek, baina, “nolanahi ere, denborale honen alderdirik nabarmenena olatu handiak” izango direla. “Otsailaren 28an 6-7 metroko garaiera izan dezakete arratsaldean, eta gauza bera gerta daiteke martxoaren 3an eta 4an”. “Denboralearen hasieran, nabarmenena haize-itsasoa izango da, baina ipar-mendebaldeko hondoko itsasoa handitzen joango da ere. Baliteke arratsalde-gauean 5-6 metroko olatuak izatea. Olatualdiaren tartea 13 segundotik 16 segundora igoko da”.
Martxoaren 1ean olatuen tamaina txikitu egingo dela aurreratu du, 6 metrotik 4-5 metrora bajatuko direlarik arratsalde-gauean. “Hondoko itsasoa 5-6 metrokoa izango da, eta arratsalde-gauean 4 metrora jaitsiko da. Olatualdiaren tartea ere murriztuko da, 16 segundotik 14 segundora, hain zuzen”.