Astra Koordinadorako kideak lehen urteurrena ospatzen
Naiara Urberuaga Gernika-Lumoko Kultura zinegotziaren proposamenari kasu eginez, Astragaz lagapen hitzarmena sinatzea erabaki dute udalbatzan ordezkaritza daukaten alderdi politikoek.Urberuagak azken osoko bilkuran azaldu zuenez, lagapen hitzarmen bat sinatuko dute, Astra Koordinadorak eraikina kudeatzen jarraitu dezan. Izan ere, eraikina udal jabegokoa izan arren, koordinadorak kudeatzen du.
Kultura zinegotzia pozik azaldu da, koordinadorak orain arte egindako lanagaz. Hala, hitzarmena sinatzea aberasgarria izango dela deritzo. “Astran batzen diren eragileek asko ematen diote herriari” esan du.
Luis Ortuzar EAJko ordezkaria ere hitzarmena sinatzearen alde agertu zen. Jakinarazi zuenez, “EAJk proiektua babesten du, eta gaiaren jarraipena egiteko konpromisoa hartu du”. Egitasmoa babestu arren, hala ere, zenbait gai argitu behar direla deritzo Ortuzarrek. Besteak beste, eraikinari irekitzeko lizentzia falta zaiola esan zuen. Bestalde, taberna legeztatzea ere gomendatu zuen jeltzaleak. Haren berbetan, “taberna eta umeen gunea zelan uztartu arautu beharko litzateke”.