“Prozedura akats baten ondorioz”, 2014rako aurrekontuaren aurkezpena apur bat gehiago atzeratu behar izan du Busturialdeko Ur Partzuergoak; baina, jakinarazi duenez, martxoan aurkeztuko dio proposamena Kontseilu Orokorrari.
Joan den asteko batzar orokorrean Marta Barco Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak sartutako kexa baten harira atzeratu behar izan dute aurrekontuaren aurkezpena. Barcok gogoratu zuenez, “proposamena Batzorde Exekutibotik pasa behar da, Kontseilu Orokorrera eraman aurretik”. Akatsa onartuta, hortaz, partzuegoak martxoan egingo urrengo batzar orokorra.
Prozedura ondo betetze aldera, asteon partzuergoko Batzorde Exekutiboa batu da. Hala, azken urteetako arau hausteari amaiera eman diote. Izan ere, “azken urteetan ez da horrela egin, eta erakunde publikoko ordezkariek ez zuten prozedura hori ezagutzen”, aitortu du partzuergoak.
Batzorde Exekutiboaren bileran Barcok egin zituen ekarpen guztiak. Ekarpen horietako asko onartu egin zituen batzordeak, baina ez guztiak. Lantalde propioaren aurekontua murriztea eta azpikontratatutako enpresetan diru gehiago inbertitzea, esaterako, ez zituen onartu. Emendakin horrek ez zuen aurrera egin, “ur partzuergoak aukeratutako kudeaketa ereduaren kontra” baitoa.