Martxoaren 30ean Ereñon egingo den mendi martxa eta lasterketan izena emateko epea zabaldu dute. Aurten, izena ematea sistema informatiko eta kreditu txartel bidez egingo da, baina aurretik iragarriko duten egun eta Ereñoko lekuetan ere izena eman ahal izango da. Mendi martxan parte hartzeko aurretik izena ematen dutenek hamar euro ordaindu beharko dituzte, egunean bertan ostera, hamabost.Lasterketan izena emateko berriz, kopa guztietako prezioak berdinak izango direla azaldu dute antolatzaileek. Kasu honetan, lasterketa eguna baino lehen izena ematen duten korrikalari federatuek, hamabi euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabeek hamabost. Egunean bertan, hamazazpi euro ordaindu beharko dute parte hartu nahi dutenek. Aurretiaz izena emateko azken eguna martxoaren 23a izango dela jakinarazi dute.
Mendi martxa nahiz lasterketan parte hartzaileen kopurua mugatua izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Aurten mendi martxan gehienez 350 lagunek parte hartu ahal izango dute eta lasterketan berriz 200. Kopuru horiek betetakoan zerrendak itxiko dituztela azaldu dute mendi martxako antolatzaileek.
Ibilbideen iraupena
Aurreko urtean moduan, martxa luzea, laburra eta lasterketa izango dira Ereñon. Ibilbide laburrak 11 kilometroko luzera izango du eta parte hartzaileak 10:00etan abiatuko dira Elexaldetik. Martxa luzea egiten dutenek berriz, 23 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute eta hasiera 8:30ean emango diote Arita Berri jatetxetik. Lasterketan lehiatuko diren korrikalariak berriz, martxa luzeko ibilbide berdina egin beharko dute baina ordu bete beranduago emango diote hasiera lasterketari. Lasterketa, I.Urdaibaiko koparako puntuagarria izango da.
Jana eta edana behar beste
Irteera ordua baino lehen gosaltzeko herriko tabernak zabalik egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek. Horretaz gain, ibilbidean zehar hiru hornidura postu izango direla zehaztu dute; bi urarekin eta beste bat jana eta edanarekin. Gainera, ibilbide bukaeran dutxatzeko aukera egongo da.