Mundakako atorrak
Egunerokotasunetik urruti, gurea ez den identitatea hartzeko egunak dira hauek; amesten dugun horrena, miresten dugun bestearena edota gorroto dugunarena. Batarena edo bestearena, mozorrotzeko garaia da; Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrek, momentua aprobetxatuta, ohiko erropak erantzi eta mozorroa jantziko dute.
Foruak, esaterako, bere lehen Aratuste Eguna ospatuko du. Herriko tabernek eta txokoek antolatuta, Mexikoko kultura gogora ekarriko dute, mozorroen bitartez. Umeentzako tailerrak, musika, herri bazkaria eta mozorro desfilea izango dira bihar, besteak beste.
Arratzun ere ospatuko dituzte inauteriak, eta, horretarako,
herritar talde batek egindako 32 buruhandiren presentzia izango dute. Mozorro festa erraldoia eta afaria ere egingo dituzte.
Egun batekoa barik, aste guztiko egitaraua prestatu dute Bermeon. Taberna eta denden mozorroen txapelketa, argazki lehiaketa, tostada txapelketa, kalejirak, dantzaldiak, 80’s party jaialdia eta Nuntxaku eta Sareginek elkarteen jarduerak dira, besteak beste, inauteriei begira antolatutakoak.
Mundakan, bestalde, atorrak eta lamiak ibiliko dira kalez kale, domekan.
Dokumentua: