Euskarazko irakurzaletasuna bultzatu asmoz, Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkariaren 110 ale banatuko ditu doan herriko zenbait leku publikotan.
Euskararen alde egin nahi du udalak, eta, era berean, euskarazko irakurketaren aldeko pauso bat eman gura du; «Gaztelerazko prentsa irakurzera ohituta dago jendea, baina nik uste du euskaldun modura bizitzen hasteko garaia dela, eta hor dago Hitza», azaldu du Josu Imanol Unanue Bermeoko Udaleko euskara zinegotziak. «Tokian tokiko informazioa jasotera ohituta gaudenak Hitzara jotzen dugu; garrantzitsua da, beraz, herritarrek berau erabiltzen jakin dezaten», aitortu du bermeotarrak.
Gaur egindako prentsaurrekoan, Josu Imanol Unanue, Ama Lur Bedialauneta, Oihana Cabello eta Maite Alvarez de Zarate
Hitza egunkariko zuzendari Oihana Cabellok, bestalde, aipatu du garrantzitsua dela egunkarian lan egiten dutenentzat euren produktua irakurleen esku artean izatea, «etxeetan ez ezik, baita kalean ere»; horregatik, Bermeoko Udala eskertu du, «produktua zabaltzen laguntzeagatik».
Aurrerantzean, beraz, edozeinen eskura egongo dira Hitzaren aleak, «hartu, irakurri, bertan utzi edo etxera eramateko». Hain zuzen, Bermeoko udal eraikinetan (liburutegian, Kultura eta Gizarte Etxean, Berh@zen…) zein itxaron gela duten hainbat lekutan (anbulatorioan, ileapaindegietan, medikuntza zentroetan, aseguru etxeetan…) izango da eskura egunkaria; «euskarazko prentsa gutxi eta gaztelerazko asko izaten baita horrelakoetan». Zenbait tabernek ere izango dute Hitza.
Leku horietan, gainera, harpidetza orriak utziko dituzte, harpidedun egiteko aukera emanez; hala, interesatuek Hitzako bulegoetara zein Bermeoko Udalera eraman ahalko dituzte beteta orri horiek. Telefonoz ere datuak emateko aukera dagoela gogora ekarri dute. Era berean, egunkaria irakurtzera eta harpidedun egitera animatu ditu herritarrak, «ondoko herrian zer gertatzen den edo gertatzen ez den jakiteko garrantzitsua baita Hitza».