Aurreko urteetako emaitzak ikusita, beste urte batez,
Guk abizena, zuk? kanpaina jarri du martxan Bermeoko Udaleko Euskara Sailak; «euskarazko izenak euskal grafiarekin idaztean, euskarak bere lekua hartzen duelako». Abizenak euskalduntzeaz gain, epaitegietan egiten diren inskripzioak euskaraz egitea ere badu helburu; «orain arte aukerarik izan ez, eta, orain aprobetxatu egin behar delako». Azken finean, «euskaldun jaio, euskaldun ezkondu eta euskaldun hil» gura du Bermeoko Udalak.
Gaur goizean egin duten prentsaurrekoan, Josu Imanol Unanue eta Maite Alvarez de Zarate
2010ean, 2011n eta 2012an ere abiarazi zuten aipatu kanpaina Bermeon, eta, oro har, «oso eraginkorra» izan dela azaldu du Maite Alvarez de Zarate udaleko Euskara teknikariak. 2010ean, esaterako, 67 espediente tramitatu zituzten euskaraz; 2011n, barriz, 17 espediente, eta 2012an,azkenik, 40.
Udaleko Euskara zinegotzi Josu Imanol Unanueren arabera, «era oso errazean» jarri dezakete herritarrek euskal abizena modu ofizialean euskaraz idatzita; horretarako, «denbora apur bat eta gogoa baino ez da behar».
Jarraitu beharreko pausoak
Azaldu dutenez, interesa duenak lehenik eta behin, erregistro zibilera edo bake epaitegira joan beharra du eta abizena euskal grafiaz jarri nahi duela esan eta ematen dioten eskaera orria bete beharko du. Horregaz batera eraman beharko ditu nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria, errolda agiria (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), familia liburuaren fotokopia (seme-alabak izatekotan) eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia (16 urtetik gorakoak badira).
Pauso horiek guztiak esku-orrietan bildu dituzte, eta Bermeoko hainbat tokitan aurkitu ahalko dira; adibidez, Berh@z bulegoan, Begargintzan, Udal liburutegian, Kultura eta Gizarte Etxean eta kiroldegian. Halaber, bake epaitegian ere jaso ahalko du herritarrak izapide horiek egiteko beharrezko informazioa.
«Euskararen alde egiteko», hortaz, euskarazko abizenak dituzten herritarrak euskal grafiarekin idaztera gonbidatu dituzte Unanuek eta Alvarez de Zaratek.