Apirilaren 11n Bermeoko alde zaharreko zenbait etxebizitzatan piztutako sua izan zen 2013an Bizkaiko suhiltzaileek izan zuten abisurik larriena. Egun hartan, eta baita hurrengo egunetan ere, 25 kamioik eta Bizkaiko zortzi parkeetako 60 suhiltzaile baino gehiagok parte hartu zuten Bermeoko sutea itzaltzeko lanetan.
Era berean, Ajangizko Maier kooperatiban abuztuaren 29an piztutako sua ere aipagarria dela esan du Bizkaiko Foru Aldundiak. 11 kamioi eta gernika-Lumoko, Basauriko, Iurretako era Urisoteko parkeetako 26 suhiltzailek parte hartu zuten Maierreko sutea itzaltzeko lanetan.
Iazko datuak eta balantzea jakitera eman ditu aldundiak, eta Bizkaiko diputazioko bozeramaile Unai Rementeriak azaldu duenez, “suhiltzaileek 2012an baino irteera gutxiago egin dituzte 2013an. Abisuen kopuruak behera egin du; batez ere, suteengatik”. Hain zuzen, 4.438 abisu izan zituzten Bizkaiko suhiltzaileek 2013an; 2012an, aldiz, 4.788.
Gernika-Lumoko suhiltzaileen parkeak 268 irteera egin zituen iaz: 90 asistentzia, 119 salbamendu eta 59 sute; Markina-Xemeingo suhiltzaileek, berriz, 147 irteera egin zituzten: 28 asistentzia, 68 salbamendu eta 51 sute.