Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak etxebizitza bi salduko ditu enkantean
Zaharren egoitzan egondakoek edo beraien familiek dohaintzak utzitako etxebizitzak dira horiek; horregatik, horien salmentarekin lortutako dirua zaharren udal egoitzaren defizita arintzeko erabiliko dutela azaldu du Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak. Etxebizitza horietako bat eskuratu nahi duenak bere proposamena aurkeztu beharko du Gizarte Ongizaterako Patronatuan, martxoaren 10a baino lehen. Leku berean izango ditu eskuragarri baldintza plegu zein gainerako informazioa.
Hain zuzen, Bermeoko Askatasun bidea 29 bis, 2.eskuman eta Irakaskintza 6, 1.eskuman kokatuta dauden etxebizitzak ditu salgai Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak. Irakaskintza kaleko etxebizitzari dagokionez, esaterako, gutxiengo prezioa 95.009,72 eurokoa da, eta Askatasun Bidean dagoen erakinarena, barriz, 180.834,68 eurokoa.
Jasotako proposamen horiek guztiak epea amaitu eta zapatua ez den hamargarren lanegunean irakurriko dituzte 12:00etan, Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuaren Areto Nagusian. Kontratua, bestalde, enkante publiko bidez esleituko dela jakinarazi dute, eta, “berdinketarik egongo balitz, zozketaz erabakiko litzateke”.