Martxoaren 19a arte izango dira ikusgai Lide Kaltzadaren eta Andrea Abaliaren lanak. Emakumeak dira protagonistak bi artisten lanetan, baina begirada desberdin bat ematen ahalegintzen dira. Guztira, 19 koadro jarri dituzte Gernika-Lumoko Kultur Etxean.
Kaltzadak hamar koadro txiki hautatu ditu erakusketarako. Horietan, emakumeen aurpegiak agertzen dira, baina ez ohiko moduan. Zenbaitetan,
kollage antzeko teknika bat erabiltzen du, irudi desberdinak baina ederrak marraztuz. Artistak pintzelkada zehatzak erabiltzen ditu irudi oso errelistak eginez. Errealismo horren barruan, baina, irudiek surrealismo puntu bat ere badaukate. Begirada galdua daukaten emakumen aurpegiak marrazten ditu; itxura tristea daukatenak.
Abaliak, bestalde, bost koadro eta lau argazki jarri ditu ikusgaia. Margolanak egiterakoan, esaterako, teknika misto bat erabili du Abaliak, argazkilaritza eta marrazketa batuz. Koadro horietan emakumeen alde iluna bistaratzen saiatzen da egilea. Hala, jarrera eta begirada oldarkorreko emakumeak dira protagonista. Kaltzadaren kasuan ez bezala, koadroetako protagonistek zuzenean begiratzen diote bisitariari.