Bermeoko Liburu eta disko Azokak barikuan zabalduko ditu ateak eta martxoaren 9ra arte bisitatu ahalko du herritarrak, Lameran. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten, guztira, hamasei erakusle egongo dira azokan. Horiek guztiek euskal eta erdal nobedadeak, euskal diskogintza guztiak ehuneko 10eko beherapenarekin eta aukerako liburuak ekarriko dituzte Bermeora. Hain zuzen, haur eta gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa, euskal diskogintza eta beste hainbat gairi lotutakoak izango dira liburu horiek.
Iazko liburu azoka
Azokaren izenak berak hala dioen arren, bisitariak ez ditu soilik liburuak eta diskoak aurkituko; izan ere,
Idatzietatik kantuetara erakusketa ere izango du ikusgai. “Gure kantagintzan izan diren abesti ezagunetarikoen jatorria ezagutu ahal izango da, nork idatzi dituen eta zein abeslarik edo taldek abestu dituen”; hala nola, Lauaxeta, Mirande, Aresti, Lete, Atxaga, Kirmen Uribe, Laboa, Lertxundi, Itoiz,Ken Zazpi eta beste hainbat izango dira protagonista.
Azokak, gainera, idazleak ere hartuko ditu egunotan. Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatuta, Emakumeen egunean, martxoaren 8an, Toti Martinez de Lezea idazleak hitzaldi bat emango du Bermeon. Horrez gain, asteburu honetan zehar, Jon Arretxe, Inma Roiz eta Txani Rodriguez idazleak ere Bermeoko azokan izango dira, euren idazlanak sinatzen.
“Irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, azken eleberriak ezagutzera ematea eta liburua protagonista bilakatzea” ditu Bermeoko Liburu eta Disko Azokak helburu.
Azokaren egunetan inauteriak ere ospatuko dituztenez, Bermeoko Liburu eta Disko Azoka itxi egingo dute martxoaren 4an.