Zapatuan erabaki zuen EAJren Aberri Batzarrak Izaskun Bilbao bermeotarra maiatzaren 25ean ospatuko diren Europar Legebiltzarrerako hauteskundeetarako zerrendaburu izendatzea. Gaur egun ere jeltzaleen parlamentaria da 52 urteko bermeotarra Europar Legebiltzarrean. Ipar Euskal Herrian ere zerrenda aurkeztu dute jeltzaleek, eta Jean Telletxea izendatu dute bertako zerrendaburu. EAJ Convergència i Uniò, Coalicion Canaria eta Compromiso por Galiciarekin koalizioan aurkeztuko da maiatzaren 25eko hauteskundeetara.
“Eskerrik beroenak” eman dizkie Bilbaok zerrendaburu izendatzeko erabakia hartu dute guztiei, “azken bost urteetan egin dugun lana baloratu dutelako, eta, batez ere, alderdikoen artean konfidantza erakutsi dutelako”. Era berean, gizarte osoa eskertu du, “Europan euskal hiritarren ordezkaria izatea benetako ohorea delako”, eta baita berarekin lanean dabiltzan Jon Goikolea eta Itxaso Muñoz ere, “beraiek gabe ezinezkoa litzatekelako”. Hala, bere aldetik, konpromisoa erakutsi du “hutsik ez egiteko, egoerak eskatzen duen mailan egoteko, Europan Euskadi indartsuagoa lortzeko eta Euskadin Europaren presentzia handiagotzeko”. Azken legealdi honetan, helburu horregaz jardun du EAJk, Bilbaoren esanetan; “programa batekin etorri ginen, eta gure hitza bete dugu”. Era berean, uste du sektore guztiek ere gehiago begiratu beharko luketela Europara, “bertan baitago etorkizuna”.
“Pozik” hartu du EAJren erabakia bermeotarrak, eta gainontzekoek berarengan erakutsitako kofidantzari erantzuna emateko “arduraz” jokatuko duela azaldu du. Euskadik ikasteko baduela, baina erakusteko ere asko duela dio Bilbaok. “Eredu izateko aukera” du Euskadik, bermeotarraren ustez, eta, horretarako, orain arteko bidetik jarraituko dutela gaineratu du. “30 urtetan gure BPGa hamar aldiz biderkatu dugu eta Europako bataz besteko errentaren %70etik %130era igaro gara. Bortxakeriak, beste eragin kaltegarriez gain, errealitate hori ikustera eragozten zuen. Orain, ikusi egiten da. Gure benetako nortasuna antzematen da. Gure nortasuna ezaguna da eta euskal hiritar gisa ezagutzen gaituzte egin den lan horri esker. Eta Europan eta Europarekin lan egiteko aukera berriak zabaltzen zaizkigu aurrera egiten jarraitzeko. Azken bost urte hauetan Europan ateak eta leihoak zabaltzen saiatu gara aukerarik ez galtzeko. Nire konpromisoa da gogo eta borondate horrekin jarraitzea”.
Bilbaoren ustez, Euskadiren irudia biolentzia eta indarkeriarekin lotuta zegoen lehen; “orain, baina, egoera aldatu da”. Hori dela eta, uste du aukera dagoela Europari erakusteko gizarteak azken 30 urteetan egindako lana.