Zapatuan Araskiren kontra 62-78 irabazi ostean, matematikoki igoera fasea jokatzeko sailkatuta daude Gernika Bizkaiako neskak. Lehenengo aldia izango da saskibaloi taldeak Espainiako txapelketako gorengo mailan jokatu ahal izateko igoera fasea jokatuko duena.
“Denboraldi bikaina egin dugu, eta emaitzek hori erakusten dute. Partida bakarra galdu dugu, eta denboraldia bukatzeko zazpi falta direnean, play off-ak jokatzeko sailkatuta gaude; sinestezina da”, esan du Mario Lopez taldeko entrenatzaileak. Denboraldia baloratzerakoan, jokalarien lana eta diziplina nabarmendu nahi izan ditu Lopezek.
Oraindik ospakizunetarako tarterik izan ez badute ere, etxean jokatuko duten hurrengo partidan igoera fasean jokatu ahal izatea merezi duten moduan ospatuko dutela esan du entrenatzaileak. “Hurrengo denboraldia gorengo mailan jokatu ahal izatea ez da edonolako lorpena, Gernikak dituen baliabideak kontuan hartzen baditugu”.