Goizeko elkarretaratzea
Minbizia duten haurrei elkartasuna adierazteko eta eurei eta euren familiei babesa adierazteko marea laranja batek bete zuen barikuan Bermeo. Ehunka herritarrek parte hartu zuten goizean Sabino Arana enparantzan egindako elkarretaratzean. Bost minutuko isilunearen ostean, ekitaldi hunkigarri bat egin zuten. Bermeok “minbiziaren aurrean eta bereziki haurren minbiziaren aurrean bere inplikazioa, errespetua eta sentsibilizazioa erakutsi nahi” dituela esan zuen Idurre Bideguren alkateak.
Aspanovas Bizkaiko minbizidun haurren elkarteak egindako lanaren garrantzia ere nabarmen du eta eskertu zuen Bidegurenek. Mari Jose Martinez Aspanovaseko kideak muinaren emaile izatearen garrantzia nabarmendu zuen, eta informatzera animatu zituen herritarrak.
Arratsaldeko pintxo potea ere elkartasun marea laranja bat izan zen. Berton elkarteko dendetan eta tabernetan itsulapikoak jarri dituzte, eta horietan jasoko duten dirua Aspanovas elkartera bideratuko dute. Itsulapiko horiek hilabetez egongo dira, gutxi gorabehera, herriko denda eta tabernetan.
Eutsi gogor lelodun kamisetekin batutako dirua ere Aspanovasentzat izango da.