
Umeak Ibilaldia Elkarteak Kortezubin antolatutako ekitaldi baten
Aurtengo Euskararen Bihozfera Ibilaldiak eskualde mailako izaera dauka. Hala, jai giroa Busturialdeko herrietara hedatzeko ahalegina egiten ari da Ibilaldia Elkartea; eta, oraingoan, Mendatako herriak hartuko ditu zenbait jarduera.
Zapatuan, esaterako, herriko gazteek ederto pasatzeko aukera izango dute. 16:00etan, esaterako, zuhaitz eguna ospatuko dute, Kalbario inguruan arbola bat landatuz. Parte hartzeko asmoa daukaten herritarrak Artape jatetxearen aurrean elkartu behar dira. Aurtengo zuhaitza landatzeaz gain, aurreko urteetan landatutako arbolak modu egokian hazten diren zainduko dute landaketara doazenek.
Zuhaitza landatu ostean, bildutakoek tripa betetzeko aukera izango dute. Hain zuzen, txorixo jana egingo dute auzoko frontoian. Egunari amaiera emateko, bestalde, Elizoste Etxean ipuin kontalari bat izango da, 19:45etik aurrera.
Domekarako, bestalde, herri kirol saioa antolatu du Ibilaldia Elkarteak. 10:00etatik 12:30era kirolarien abilezia hurbiletik ikusteko aukera izango dute Mendatara doazenek. Eguraldiak lagunduz gero, gainera, ibilaldi txiki bat ere egin dezakete Eleizalde auzoan batzen direnek.