
Olatu-hormako konponketa lanak
Otsailaren 2ko itsas denboraleak sortutako kalteak konpontze aldera, Eusko Jaurlaritzak Bermeoko olatu-hormarako sarbidea itxiko du gaur (hilaren 21a) hasita. Jakinarazi duenez, zarratuta mantenduko dute konponketa lan guztiak burutu arte.
Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako zuzendariak nabarmendu duenez, herritarren segurtasuna bermatzeko hartu dute erabaki hori. Izan ere, “kontuan hartu behar dugu bermeotarrek asko erabiltzen dutela olatu-horma”. Aitortu duenez, “ia ezinezkoa da” modu eraginkor batean herritarrei olatu-hormako sarbidea ekiditea. Hala ere, herritarrei gomendioak betetzeko eskatu die.
Hain justu, martitzenean esleitu zioten INHA (Hidrodinamika aplikaturako Institutoa) Ingenieritzari Bermeon kaltetutako azpiegituren konpontze eta egongortze proiektuen erredakzioa.
Ruiz de Angularen arabera, “hilabeteko epean irtenbideak zehaztuko dituzte. Olatu-hormako konponketa lanak “errazenak” direla eta, berauetatik hastea erabaki dute. Hala, Bermeoko portua ahalik eta azkarren lehengo itxurara bueltatu dadin nahi du Azpiegituretako zuzendariak.
Orain arte, Bermeoko portuan 3 tonako 1.000 harri-lubeta bloke jarri dituzte; 10 eta 20 tona bitarteko 210 harrizko bloke eta 8 tonako 35 hormigoizko bloke. Babeserako lanak 10 egunen buruan bukatuko dituztela jakinarazi du Ruiz de Angulok, egunotan jartzen ari diren 40 blokeekin.