
Txitxiburduntzi, sasikoipetsu, basokoipetsu, basatoste, basaroste, sarteneko… Hainbat izen, ohitura bakarra. Hainbat herri, bakoitzak berea.
Antzina egun hori ospatzeko mendira joan ohi ziren, sua prestatu eta makilatxo baten bitartez, txorizo, txistorra zein bestelako txarrikiak jaten omen zituzten. Ohitura horrengandik ez hain urruti, gaur egun ere asko eta asko dira egun horri uko egiten ez diotenak. Zotza eskuan, txarrikiak sutan erre eta jateko aukera aprobetxatzen dute, lagun, familia zein ikaskideen konpainian.
Inauteriei hasiera emateko aukera paregabea dela deritze batzuek; hori dela eta, jai giroan murgiltzeko ospakizunei tartea egiten diete beraien egutegietan. Hala, txarrikien jana ez ezik, dantzak, musika, jolasak eta bestelakoak ere izaten dira egun horretan. Horrela izango da Lea-Artibai eta Busturialdeko herrietan ere. Batzuek asteburuan ospatuko dute Txitxiburduntzi, eta beste batzuek hurrengo astean.
Udalek, herriko elkarteek zein eskolek antolatuta, koadrilak zein ikasleak batuko ditu Txitxiburduntziak. Busturialdean, esaterako, Ajangizen, Busturian, Ean, Ereñon, Foruan, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Mendatan eta Nabarnizen ospatuko dute. Lea-Artibain ere Sasikoipetsu eguna aprobetxatuko dute txarrikiak jateko; hala nola, Aulestin, Berriatuan eta Munitibarren. Beste hainbat herritan ere zer edo zer egingo dute eskolako ume eta irakasleek.
EGITARAUA HERRIZ HERRI
Ajangiz
Apirilak 2: 11:00etatik aurrera Mendietako plazan.
Aulesti
Otsailak 23. 10:15ean batuko dira Santa Eufemia azpiko bolatokian. Mendira igoko dira, eta gero txorizo errea jango dute.
Otsailak 27. 12:30etik aurrera egingo dute txitxiburduntzia eskolako umeek, eskolan bertan.
Berriatua
Otsailak 27. 14:45etik aurrera, ikasleek ekartzen dituzten txorizo, bacon, saltxitxa, solomo eta gainontzekoak erre eta jango dituzte eskolako patioan.
Busturia
Otsailak 23. Parisiko baselizan batuko dira. Oinez joan nahi dutenak 09:00etan aterako dira Altamirako plazatik. Bertatik Bizkaiganera joango dira, eta gero Parisira. 12:00etako mezaren ostean egingo dute txitxiburduntzia. Musika egongo da.
Ereño
Martxoak 2. 09:00etan Gabikatik aterako dira, ibilbide bat egiteko. Ibilbidean zehar geratu eta txitxiburduntzi egingo dute.
Forua
Martxoak 4. 17:30ean, kultur etxe aurrean.
Gautegiz Arteaga
Otsailak 23. 12:00etan, herriko parkean, Montorre eskolako Guraso Elkarteak antolatuta.
Gernika-Lumo
Otsailak 23. Elai-Alai dantzari taldeak antolatuta, txitxiburduntzia egingo dute Lumoko plazan, 17:00etan.
Mendata
Otsailak 22. 17:30ean, frontoi inguruan. Umeei zotzak eramateko deia egin die udalak. Aurten, gainera, txokolate jana ere izango dute. Gaupasa egiteko aukera ere izango dute umeek; aterpetxean txikienek eta elizosten gainontzekoak. Zine saioa izango dute, palomitekin.
Munitibar
Otsailak 27. 15:00etan eskolako umeak txitxiburduntzia egiteko batuko dira herriko plazan (Eguraldi txarra eginez gero, frontoian). Bertan, ikasleek eramandako produktuekin txitxiburduntzia egingo dute. Zotzak egunean bertan egingo dituzte.
Nabarniz
Otsailak 23. Galarregi Gazte Asanbladak antolatuta, txitxiburduntzia egingo dute egun horretan.