Zapatu honetan UPV/EHU Arabararen aurka irabaziz gero, matematikoki igoera faserako sailkatuko da Gernika Bizkaia. Igoera faseari buruz hitz egitea ez du gogoko Mario Lopez taldeko entrenatzaileak «Ez dut partidutik haratzago pentsatu nahi, momentu honetan, zapatuan orain arte egindako jokoa berdina egitea baino ez daukat buruan» azaldu du taldeko entrenatzaileak.
Zapatuko partidua ez da erreza izango Gernika Bizkaiarentzat. Talde aurkariak gabonetan Cristian Dewit jokalari estatubatuarra fitxatu du eta horrek taldearen defentsa eta barne jokoa indartu dituela azaldu du Lopezek. Horrez gain, Arrate eskoltak azken partiduetan lortutako puntu kopuruak ere asko arduratzen du Lopez. «Ezin ditugu ahaztu goian dauden taldeen aurka talde gasteiztarrak lortutako garaipenak» gaineratu du. Hori gutxi balitz, zapatuan etxeko babesik gabe jokatuko dute Gernika-Lumoko neskek. Etxetik kanpo jokatzen dituzten partiduak konplikatuagoak direla esan du Lopezek. «Etxekoen babesik barik jokatzeaz gain, kantxa ez dugu ezagutzen eta horrek partidua konplikatuagoa egiten du».
Jokalarientzat deskantsua
Play off-etara sailkatzea lortuz gero, taldea ez dela erlaxatu behar nabarmendu du Gernika-Lumoko entrenatzaileak. «Gure aldetik akats larri bat izango litzateke denboraldiko partiduak lasaiago hartzea, horrek igoera fasera baldintza onenetan ez ailegatzea suposatuko duelako eta hori ezin dugu onartu» esan du Lopezek.Hala ere, denboraldian minutu gehien egin dituzten jokalariei deskantsua emateko aukera ona izan daitekeela esan du taldeko entrenatzaileak. «Judith, Arroyo, Brittany edo Naiarak minutu gutxiago jokatuko dute, modu horretan deskantsatu eta play off-etarako sasoi betean iritsiko da gure taldea taldeko jokalari guztiak, hala ere, lehen esan bezala orain ez gaude horretan pentsatzen» azaldu du.