2014ko Ibilaldiko "abesti dantzagarria" aurkeztu dute Bilbon
http://youtu.be/L17LPY6K2Iw
Ibilaldia Elkarteak 2014ko ikastolen aldeko jai eguneko abestia ezagutarazi zuen atzo. Hain zuzen, Bilboko Kafe Antzokian eman zituzten abestiari buruzko zehaztapenak, Jon Urriolabeitia abestiaren sortzaileetako batek, Juan Carlos Gomez Ibilaldia Elkarteko lehendakariak, eta Nagore Iturbe Seber Altubeko ordezkariak.
Hizlarien berbetan, abestiak aurtengo leloaren oinarriak batzen ditu: “parte hartzea eta dibertsitatea”. Azaldu dutenez, kanta “alaia eta atsegina” da. Hala, “pozik” daude emaitzagaz. Kantaren aurkezpenean nabarmendu dutenez, “abesti borobila da; mezu zabala duena, eta gazteentzako nahiz zaharrentzako aproposa”.
Abestiak rock, reggae eta ska doinuak batzen ditu. Hala, «jai giroa zabaltzeko eta dantzan egiteko oso aproposa» izango dela deritzo Ibilaldia Elkarteak.
Gaur Gernika-Lumon
Atzoko aurkezpenaren ostean, gaur Gernika-Lumon bertan aurkeztuko dute Ibilaldiko kanta, «ekitaldi berezi bat» eginez. Hain zuzen, 19:00etatik aurrera jai giroa nagusituko da, Astran.
Ekitaldia atzerrian dauden ikasle ohien agurragaz hasiko da. Agurraren ostean, bestalde, Ross dantza taldeko kideak, eta Seber Altube Ikastolako LH6ko ikasleek igoko dira taula gainera. Lehenengoek dantza ikuskizun bat dakarte, eta bigarrenek antzerki bataularatuko dute. Ekitaldia amaitzeko, Ibilaldiko abestiaren making off-a proiektatuko du Ibilaldia Elkarteak. Antolatzaileek Astrara joateko deia egin dute.