
Gernikarrek ere, Euskal Herriko gehiengo sozialak eta sindikalak bultzatutako Karta Sozialagaz bat egin dute. Karta Sozialaren aldeko lantaldeak jakinarazi duenez, txistorra jana eginez emango dute egitasmoaren berri. Hala, giro onean informazioa jasotzeko aukera paregabea izango da zapatukoa. Gernika-Lumoko eragileak Merkurio iturriaren inguruan batuko dira, 12:00etan.
Karta Soziala euskal jendartearen artean osatu nahi dute. Izan ere, Euskal Herriak beste eredu sozial eta politiko bat behar duela deritzote egitasmoaren bultzatzaileek. Gehiengo sozial eta sindikalaren ustez, “gaur egungo eredu kapitalistagaz, ez goaz inora”.
Zapatuan, gernikarrek lehen hartuemana izango dute Karta Sozialagaz. Dena den, aurerrantzean ere bertoko eragileak batzeko deia egin dute. Hilaren 20an, esaterako, herri mailako asanblea egingo dute bertoko herritarrek, Astran. Batzar horretan Gernika-Lumoko egoera aztertuko dute, zer aldatu behar den ezagutzeko.