Eskualdeko gazte langabetuek lana bilatzeko prozesurako laguntza jaso ahalko dute
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proeiktuaren barruan, Lana bilatzea lana da programa jarriko dute martxan Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria sailek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak. Hain zuzen, Busturialdeko gazte langabetuei lana bilatzeko prozesuan laguntzea da programaren helburua.
Antolatzaileek azaldu dutenez, programak, batetik, prestakuntza atal bat izango du, eta aholkularitzari buruzko beste atal bat, bestetik. Hala, atal bi horiek fase ezberdinetan landuko dituzte urte osoan zehar.
Programa horiek landu aurretik, baina, horien barri emango dute informazio saio edo aurkezpenen bidez. Hain justu, Gernika-Lumon eta Bermeon egingo dituzte aurkezpenok, otsailaren 24an Elai Alai Txiki aretoan eta otsailaren 27an Gizarte eta Kultura Etxean, hurrenez hurren. Biak ala biak 19:00etan izango direla jakinarazi dute.
Hala ere, prestakuntza eta aholkularitza ataletan landuko dutena zer izango den aurreratu dute. Prestakuntzari dagokionez, hautaketa prozesuak (talde dinamikak, lan elkarrizketak, erakundeen prozesuak…), ekintzailetza, kooperatibagintza, lana bilatzea 2.0 edota iaz martxan jarritako Good Jon programaren auto-ezagupenaren arloa izango dira, besteak beste landuko dituztenak. Horien bitartez, lana bilatzeko orduan pertsona bakoitzaren ezaugarriak hobetzeko lagungarri izango diren izaera menperatzailea, bereganaturiko joerak eta hobetze bideak identifikatuko dituzte programa parte hartzen dutenek.
Aholkularitzari dagokionez, bestalde, lan bilaketa prozesua eta motibazioa landuko dituzte; alegia, ekintza planak, Curriculum Vitae-ak, lan elkarrizketak, talde dinamikak, hautaketa prozesuak, gaitasunak eta trebetasunak… landuko dituzte.