
Arkaitz Bellon Elorrioko preso politikoaren heriotzaren ondoren, sakabanaketaren eta Espainiako estatuan indarrean dagoen espetxe politikaren aurkako adierazpen instituzionala aurkeztu eta aztertu du Nabarnizko udalbatzak. Onartutako adierazpenean, Bellonen “erantzule zuzena giza eskubideen urraketan eta mendekuan oinarritutako espetxe politika gizagabe eta krudela” da. Hori horrela, jendartearen “gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat” eginez, sakabanaketarekin eta espetxe politikarekin “amaitzeko” eskatu du Nabarnizko Udalak; “aski esateko unea da”.
Kalera ateratzearen beharra ere nabarmendu du, eta dei egin du “hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek” deitutako mobilizazioetan parte hartzera. “Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko gu guztiok beste urrats bat egitera goaz eta horretarako gonbidapena luzatzen dizuegu.
Bellonen senide eta lagunei elkartasuna adierazteaz gain, onartutako adierazpena Arartekora, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusira, Bizkaiko Foru Aldundira, Eudelera, Gotzaitegira, Amnistia Internacional erakundera eta Eusko Legebiltzarrera helaraziko duela esan du udalak.