Espainiako bandera udaletxean jartzeko aginduaz kezkatuta, batzarrak antolatu dituzte Ea eta Busturian. Busturian barikuan 19:30ean Altamirako kultur etxean bilduko dira herritarrak eta Ean berriz zapatuan 12:00etan Eskolondo herri etxean.
Gaiaz arduratuta dagoen herritar talde batek antolatu du batzarra Busturian. Espainiako bandera udalean jarri beharraz, keztatuta daude eta horregatik batzarra deitzeko premia ikusi dute. Aipatutako taldeak, Gobernuak Espainiako bandera ezartzea inposaketa moduan ikusten du eta horregatik Busturin «geurea» jartzea aldarrikatzen dute. «Uste dugu herrian ez garela bakarrak, horregatik, alderdien gainetik, busturitar guztiak batzar zabal batera deitzea erabaki dugu, elkarrekin berba egiteko».
Ean bestalde, alderdi politikoak izan dira batzarraren deitzaileak. Oraindik bandera jartzeko agindua heldu ez bada ere, «aurretiaz erabaki nahi dugu bandera jartzeko agindua iristen denean zer egingo dugun» azaldu du Jose Antonio Aranburu Natxi Eako zinegotziak. EAJ eta Bildu alderdiek, herritarrak Espainiako bandera udalean ezartzearen inguruan dituzten proposamenak jaso nahi dituzte zapatuan. «Garrantzitsua da inposaketa honen aurrean herritarren borondatea zein den erakustea» esan du Aranburuk.