
Totorikaguenako zenbait langile protesta egiten. Eskuorriak ere banatu zituzten
Hala jakinarazi zieten Gernika-Lumoko herritarrei domekan egindako protesta elkarretaratzean. Enpresako langileek zenbait greba egun egin zituzten joan den abenduan, baina horien egoerak ez du hobera egin. Horren ordez, “atzeraka” doazela deritzote Totorkaguenako beharginek, jabeek “mehatxuka” jarraitzen baitute.
Abenduko greba egunen ostean, beharginek enpresako jabeekin batzea lortu zuten, baina ez zen batzar aberasgarria izan. Langileek salatu dutenez, “azken proposamena okerragoa dela aitortu zuten jabeek, nagusikeriaz jokatuz”. Enpresak egindako azken proposamenaren arabera, soldatak %35a edo %50a bajatu beharko lirateke. Hala, jabeak “errespetu barik” jokatzen ari direla salatu dute langileek.
Hiru aste dira langileak eta enpresako jabeak batu zirela, baina, momentuz, beharginek ez dute jabeen berririk izan. “Oraindik ere, langileok ez dakigu zer gertatu behar den guren lan baldintzekin” diote.
Azken batzar horretan, langileak enpresa kaltetzen ari direla esan zuten jabeek. Beharginak, hala ere, ez daude ados. “Gabonetan greban egitea, eta aparteko ordainsariak zein hileko soldatak kobratu barik egotea atsegina dela uste dute?” galdegin dute amorruz. “Gu gara kalte handiena jasan dugunok”.
Arazo asko izan dituzten arren, langileek lanera joaten jarraitzen dute, baina enpresaren “kudeaketa oso txarra” dela deritzote. Hinbat urtetan, enpresarentzat lanean ibili ostean, enpresak eskaini dituen irtenbide bakarrak, soldata jeitsierak eta kaleratzeak direla esan dute beharginek.
Langileen berbetan, negoziazio duin bat martxan jartzea da horien helburua. Lortu ezean, hala ere, protestaka jarraituko dutela nabarmendu dute.