
Goi-Zaleren irteera bat
Uztailean Alemaniako Alpeetako Berchtesgaden herrira antolatu duen bidaiara joateko izena emateko epea zabaldu du Gernika-Lumoko Goi-Zale mendi taldeak. Bidaian parte hartu gura duenak
otsailaren 13a baino lehen eman beharko du izena, mendi taldearen egoitzan.
Uztailaren 9tik 16ra joango dira Alemaniako Bavaria eskualdera , eta aldez aurretik hamabost pertsonarentzako lekua baino ez dela egongo zehaztu dute antolatzaileek. Izena eman nahi duenak astelehen eta martitzenetan joan beharko du Goi-Zaleren lokalera, 20:00etatik 21:30era.
Telefono edo Internet bidez izenik ez dutela hartuko jakinarazi dute. Inskripzioak egiterakoan, NA zenbakia, izen-abizenak, telefonoa, jaiotza data eta emaila jasoko dituzte. Horrez gain, pertsona kopuru mugatua denez, lekua gordetzeko, aurrez 100 euro sartu beharko dira Goi-Zaleren kontu korrontean, bidaiaren kostuak ordaintzen hasi ahal izateko. Lekuak betez geroa, ostean jasotako izenekin itxaron zerrenda bat osatuko dute.
Bazkideentzat bakarrik
Bidaian parte hartzeko ezinbestekoa da Goi-Zaleko bazkide izatea, eta nazioartean federatuta egotea. “Oraindik federatu gabe dagoenak maiatzaren 31ra arte izango du aukera mundu mailan federatzeko”.
Aurreko urteetako bidaietan bezala, Vicenza eta Pforzheimgo mendi taldeekin batera ibiliko dira Gernika-Lumokoak. Aurten Berchtesgaden inguruko Konigsse aintzira, Steinernes lakua eta Watzmann igarobidea ezagutzeko asmoa daukate.
Oporraldiaren prezioa, hegaldia, ostatua eta otorduak kontuan hartuta, prezioa gutxi gorabehera 680 eurokoa izango dela aurreikusten dute. Informazio gehiago behar izanez gero,
www.goizale.com webgunean edota ondoko telefono zenbaki hauetara deituta eskura daiteke: 94-625 84 75 eta 639-646 723.