
Joan den zapatuan, diagnosi faseko lehen batzarrean parte hartu zuten 50 lagun inguruk. Antolatzaileak pozik azaldu dira, batzar aberasgarria izan zela iritzita. “Giro emankor eta atsegina izan genuen” azaldu dute.
Zapatukoa lehen hartu-emana izan zen. Hala, Pasealeku inguruko diagnosian sakontze aldera, bigarren batzar bat egingo dute parte hartu nahi duten herritarrek. Hain zuzen, eguaztenean (hilaren 12) izango da parte hartzeko prozesuko bigarren saioa. 19:30etik aurrera batuko dira interesatuak, Pasealekuko jubilatuen egoitzan.
Bigarren saioagaz diagnosiari amaiera emango diote parte hartzaileek. Hala, herriaren beharrizanak eta aukerak zehaztuko dituzte gernikarrek, M-etxeak taldearen gidaritzapean.
Parte hartze prozesuak harrera ona izan du herriko bi alderdi politikoen artean, eta zapatuko lehen batzarra egin aurretik, zenbait adierazpen egin zituzten proiektuaren sustatzaileek. Udaleko zein kultura batzordeko ordezkariek “parte hartze ireki eta plural” bat martxan jartzearen garrantzia nabarmendu zuten, eta ekimenagaz bat egiteko deia egin zieten gernikarrei.

Proiektuaren sustatzaileak azalpenak ematen
Begoña Landa EH Bilduko ordezkariak esan zuenez, “begi onez hartu dugu egitasmoa talde politiko guztiok”. Hala, EH Bilduk parte hartzeko konpromisoa hartu du, proiektu ederra dela baiteritzo.
Luis Ortuzar EAJko ordezkaria ere antzera mintzatu zen. “Prozesuari babesa eman genion, eta ekarpenak egiteko prest gaude” esan zuen. Ortuzarrek nabarmendu zuenez, “udal hauteskundeetako programan Pasealekua ere aipatzen genuen, eta martxan jarri berri dugun prozesuak pausoak ematen lagundu dezake”. Pentsaera desberdineko herritarren artean, proiektu amankomun bat garatzeko aukera dela deritzo EAJk.