
Bat amaitu, bestea hasi. Gaurko ere alerta laranja eman du Euskametek, kostaldean. Astean zehar eguraldi haizetsua eta euritsua nagusituko dela iragarri du euskal meteorologia agentziak, eta dagoeneko orduko 153 kilometroko haize ufadak zenbatu dituzte Matxitxakon. Itsasoan, berriz, datozen orduetan gora egingo du olatuen altuerak, eta zazpi metroetaraino hel litezke. Bihar goizeko seiretara arte eman du Euskalmetek alerta laranja.
Euria ere erruz egingo du, zaparradak maiz botako ditu, eta noizean behin baliteke trumoiak jo eta txingorra egitea. Tenperatura hamar gradukoa izango da gehienez kostaldean eta bost eta zazpi artekoa barnealdean. Elur maila 700-800 metro inguruan egongo da eta baliteke ekaitz guneetan 600 metrotara jaistea.
Asteburuan ere alerta laranja egon da emanda, haizearengatik nahiz olatuengatik. Itsas denboralea, dena den, ez da aurreko asteburukoa bezain bortitza izan, eta olatuek ez dituzte halako kalteak eragin.