Hamargarren urtez antolatu du Bermeoko Udalak lehiaketa hori, eta, besteak beste, “gaztetxoen artean bertsozaletasuna eta sormen lana sustatzea” du helburu. Hala, lehiaketan interesa dutenek maila bitan banatuta parte hartuko dute, eta batean zein bestean izena ematen dutenek martxoaren 7ra arte izango dute beraien bertso paperak aurkezteko aukera.

Iazko bertso paper lehiaketako sari banaketa ekitaldia
Hain zuzen, adinaren arabera bereizita parte hartuko dute; 1. mailan 11 eta 14 urte artekoek egingo dute, eta 2. mailan, barriz, 15 eta 18 urte artekoek. Hala, lehenengo mailakoek hiruna bertso aurkeztu beharko dituzte; bigarrenekoek, gutxienez, lau eta, gehienez, 6sei aurkeztu beharko dituzten bitartean. Neurriei eta gaiari dagokionez, bestalde, libreak izango dira, aurreko urteen modura. Parte hartzeko, dena den, Bermeon bizitzea edo bertan ikastea ezinbestekoa izango da.
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak jakinarazi duenez, aurkezten diren bertso paperak ezizenez sinatuta eta adina adierazita egon beharko dira norbere ikastetxean.
Bertso paper onenak aukeratzeko epaimahaia bertsolariek osatuko dute, eta horiek arduratuko dira bertsoaren kalitatea, estiloa, gaia garatzeko modua eta originaltasuna baloratuko dituztenak. Hala, behin erabakia hartuta, sariak banatuko dituzte onenen artean: 1. eta 2. mailetako irabazleek sari bana jasoko dute, eta nork bere bertsoa kantatzeko aukera izango du Nestor Basterretxea aretoan egingo duten saioan. Irabazleen bertsoak, gainera, Andra Mari jaietako liburuan argitaratuko direla azaldu du Bermeoko Udalak.
Aurrekoetan legez, oraingoan ere, lehiaketan parte hartzera gonbidatu ditu udalak herritarrak.