Mundakako Udalak jakinarazi duenez, 2013. urtean 167.543 kilo hondakin birziklatu zituzten herritarrek, hala, 11.717,6 euroko gastua aurreztuz. Herrian hondakinak murriztu direla eta orain, gehiago birziklatzen dela esan du udalak, eta, horren aurrean, “pozik” agertu da. Era berean, “ingurumen iraunkortasunesan kontzientziatu eta aurrera egitearen alde” agertu da.
Paperaren, beiraren, pastikozko ontzien eta gainerako ohiko hondakinen kuotetan murrizteko konpromisoagatik herritarrak zoriondu ditu Mundakako Udalak. “Hondakinen kudeaketa jasangarriaren aldekoa” da udala, hori dela eta, bilketarako azpiegiturak eta zerbitzuak hobetu ditu, eta, horren aurrean herritarrak “zuzen” erantzun du.
Birziklatzen den hondakinen kopurua handiagoa izan arren, bilketako zerbitzuek ez dutela gastu gehiago suposatzen argi utzi du udalak. Are gehiago, biziklatutako papera eta kartoiaren kilo bakoitzeko udalak diru kopuru jakin bat jasotzen duela azaldu du.
Ohiko hondakinez gain, pilak birziklatzeko aukera ere izan dute mundakarrek orain arte. Aurrerantzean, gainera, puntu bakarrean barik, herriko beste toki bitan utzi ahal izango ditu pilak herritarrak; hain zuzen, Errekan, Islakale kiroldegian eta Goiko kalen batuko dituzte pilok.

Olioa batzeko edukiontzia Bermeon
Produktu horiez gain, erabilitako arropa birziklatzeko zerbitzua ere jarri du martxan aurton udalak, horretarako edukiontzi bi jarrita: bata Bañutegi kalean, eta beste bat mediku kontsultaren aurreko biribilgunearen ondoan.
Gauzak horrela, mundakarrek geroz eta gehiago birziklatzen dutela azaldu dute udaletik; gainera, hondakin arruntetan murriztutakoa birziklatutako igoeragaz bat datorrela baieztatu dute. Hain justu, 2006 eta 2013 urteen artean 184.600 kilo zabor gutxiago batu dela adierazi dute, eta horrek 12.907 euroko aurrezpena ekarri duela. Hala, aurreztutako diru kopuru horregaz, “beste beharrizan batzuk bete ahal izatea ekarri du, herriko bizi kalitatea hobetuz”.
Besteak beste, erabilitako olioa batzeko joera nabarmendu du udalak herritarren artean; izan ere, 2013an 3.540 litro batu direla jakinarazi du. Papera eta kartoiari dagokionean, 2006an 36.519 kilo batu ziren bitartean, 2013an 50.620 kilo batzea lortu dela gaineratu du. Beira, bestalde, 2006an 58.330 kilo batu ziren eta iaz 83.330. Plastikozko ontziak, azkenik, 2006. urteagaz alderatuta, 10.022 kilo gehiago biriziklatu ziren iaz; guztira, 30.593 kilo.