Eskola garraioko laguntzaileek greba bukatu dute, akordioa lortuta
Greba mugagabea bertan behera utzita, dagoeneko beharrera itzuli dira eskola-garrioko begiraleak Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Hain zuzen, atzo iluntzean eman zuten bukatutzat joan den astean hasitako greba mugagabea, astelehenean lortutako aurre akordioa langile batzarretan berretsi ostean. Guztira, 500 bat langile dira LAB sindikatuaren arabera, behar horietan aritzen direnak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban.
Akordio hori berretsita, ultraaktibitate mugagabea erdietsi dutela azaldu dute, besteak beste. Horrez gain, esparru ekonomikoan ere hobekuntzak lortu dituzte begiraleek. Soldatak jantokietako langileenekin parekatzeko eskatua zuten garraioko laguntzaileek: lan kontratudun langileen soldatarekin alderatuta,%97,5ean berdinduta dauzkate jangeletakoek beren baldintza ekonomikoak. Bada, 2009tik soldatak izoztuta eduki ostean, 2015-2016ko ikasturterako %98,56an parekatuko dituzte eskola garraioko laguntzaileen ordainsariak; urtetik urtera, gutxinaka aplikatuko zaie soldata igoera hori.
Lucia Puertas ELAko kidea «oso pozik» agertu da helburu nagusiak lortu dituztelako. «Lan erreformaren kontra gure hitzarmena babestea lortu dugu; hori ezinbestekoa zen guretzat». «Uste dut akordio ona dela», gaineratu du Puertasek. Hala, angileek jarrera «paregabea» izan dutela nabarmendu du, batetik bestera jarraipen handiagoa izan baitute lanuzteek: «Oso elkartuta egon dira, inoiz grebarik egin gabeko sektorea izan arren. Zoriontzeko modukoa da».
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere “positibotzat jo du” alde biek akordio batera iristeko erakutsi duten jarrera; hartara, “milaka euskal familiari eragin dion grebari amaiera eman zaiolako”. Jaurlaritzak zehaztu duenez, “Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, batetik, eta Enplegua eta Gizarte Politiken Sailak, bestetik, aritu dira elkarlanean, “lan-gatazkari irtenbidea emateko”. Halaber, Enplegua eta Gizarte Politiken Sailak bitartekaritza lana egin duela azaldu du.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko datuen arabera, Bizkaian 137 eskolak dute autobus zerbitzua, Gipuzkoan 102k, eta Araban 48k. Bizkaian 10.205 ikaslek erabiltzen dute garraioa, Gipuzkoan 10.829k eta Araban 3.554k.