
Joan den urtarrileko osoko bilkuran zalaparta handia sortu zuten ELAko ordezkariek
Joan den urtarrileko oso bilkuran, ELA sindikatuak Gernika-Lumoko udaleko langile batek lanpostua galdu behar zuela salatu zuen. Sindikatuaren ustez, Euskara Planaren aitzakipean lagun bat kaleratu du udalak. Osoko bilkura hartan, ELAko 30 ordezkari inguruk zalaparta handia sortu zuten. Besteak beste, 20 minutuz eten behar izan zuten batzarra, eta Espe Uriarte Euskara zinegotziak ezin izan zituen planari buruzko azalpenak eman.
EH Bilduk jakinarazi duenez, “liskarrak plan berritzaile horren defentsa egitea oztopatu zuen”. Errealitatea manipulatzen saiatzeaz gain, sindikatuak zinegotziak iraindu zituela nabarmendu du koalizioak. Hala, “ELAk ez zuen errespeturik agertu”.
Sindikatuak esandakoari kontra eginez, lanpostu publikoak bultzatzeko asmoa agertu du Gernika-Lumoko Udalak, bederatzi lanpostu publiko sortuko dituztela gogoraraziz. “Datozen asteetan udalean onartuko den Langileen Zarrendan argi geratuko da lanpostu publikoen alde gaudela, eta ELAk badaki hala dela”. Horrenbestez, udalak egia guztia ez kontatzea leporatu dio.
Koalizioak azaldu duenez, bi lorezain, lan talderako hiru pertsona, hiru garbitzaile eta Admnistrazio Orokorrerako Teknikari bat kontratatuko dituzte, beste 24 beharginen egoera egonkortzeagaz batera.
Gernika-Lumoko EH Bildurentzat, zerbitzu eta langile publikoak defendatzea bidezkoa da, baina zentzudun eta errespetuz jokatu behar da. Udalak zeregin jakin baterako kontratatutako langile baten lanpostua betikotzea ezinezkoa dela gogorarazi dio sindikatuari. “Ez dugu onartuko behargin horrek udal soldata bat betirako jasotzea sindikatu jakin bateko ordezkari izateagatik”, esan du koalizioak. Hala, “diru publikoaren kudeaketa zentzuduna” egiten ari dela deritzo.
Euskara Plana garatzeko EH Bilduk aurreikusitako baliabide pertsonalak ondokoak dira: teknikari, trebatzaile eta itzultzaile bana. Hala, aurreko plangintzetako bigarren teknikaria kentzea erabaki du koaliziaok. Haren berbetan, “papelean bakarrik eusten zen lanpostu hori”, behargin horrek ez baitzituen bere ardura guztiak betetzen.
Alderdi abertzalearen ustez, orain arteko helburuak eta baliabideak desberdinak ziren. EAJ agintean zela, udalak beste euskara teknikari bat kontratatu zuen, baina teknikari hori ez da beharrezkoa gaur egun. “Plan berriaren planteamenduek ez dio lekurik uzten azken plangintzan papelean soilik eusten zen baliabide bati”.