
Itziar Garamendi diputatua, azalpenak ematen
Dagoeneko hasiak ditu errepide horretako lanak, herri biak lotzeko beharrezko “denbora murriztea” eta “bide-segurtasuna eta N-634 eta AP-8 errepideekiko konexioak hobetzea” helburu. Proiektuari, baina, zenbait hobekuntza gehitu dizkiola jakinarazi du gaur bertan diputazioak. Hain zuzen, Zornotzako saihesbidera sartzeko adar bat eraikiko du, herrigunera sartu behar izana saihesteko. Bestetik, sarbideak berrantolatuko ditu, BI-635 errepidea N-634 eta AP-8 errepideekin lotzeko biribilgune bat eraikiz. Beste biribilgune bat egingo du, Karmen kaleko bidegurutzean.
Zornotzako saihesbidera sartzeko adarrak “abantaila handi bat” ekarriko duela deritzo aldundiak; “izan ere, Gernika-Busturialdetik Donostiako noranzkoan datozen BI-635 errepidearen erabiltzaileek aukera izango dute N-634 errepidera zuzenean sartzeko, Zornotzako herrigunetik igaro behar barik. Baina, gainera, murriztu egingo da erabiltzaile horiek bidean eman beharreko denbora”.
BI-635 errepidea N-634 eta AP-8 errepideekin lotzeko biribilgunearen bidez, bestalde, “mugimendu guztiak eta udalerrirako sarbideak” berrantolatu egingo direla zehaztu du diputazioak, “eta hobetu egingo da inguruko bide-segurtasuna”. BI-635 errepidearen hasiera izango da biribilgunea; “handik aurrera, errepidearen galtzadak bereizi egingo dira, eta, beraz, bide lasterreko tarte bat izango da”.
Karmen kaletik Zornotzara sartzeko bideko biribilguneari, esker, azkenik, “ezkerrerako biratzeak desagertuko dira bidegurutze horretan; beraz, bide-segurtasuna hobetu eta zirkulazioa baretu egingo da”.
2.840.000 euroko inbertsio erantsia ekarriko dute aldundiak iragarritako berritasun horiek. Hobekuntzei dagokienez, “bide-segurtasuna handituko dela, ibilgailuen mugikortasuna hobetuko dela eta Zornotzara errazago iritsi ahalko dela deritzo. “Azken batean, batetik, Busturialdearen eta Durangaldearen arteko komunikazioak hobetuko dira, eta, bestetik, Zornotzara herrira egunero 1.500 ibilgailu sar daitezen saihestuko da”.